ENERGIA ARGITU KIT, etxeko autodiagnostiko energetikoa egiteko kanpaina
2023 / 11 / 06“ENERGIA ARGITU KIT” iritsi da Eskoriatzara, norberak bere etxeko auto diagnostiko energetikoa egiteko aukera ematen duen kanpaina
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Eskoriatzako Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, etxean energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko helburua duen kanpaina antolatu du.
Kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere. Kanpaina honela burutuko da:
1. Azalpen-tailer batekin hasiko da, “Aurreztu dirua eta irabazi osasunean zure etxebizitzan”, azaroaren 15ean, 18:30tan, Ibarraundi Museoan, etxean bertan autodiagnostiko energetikoa nola egin azaltzeaz gain, etxebizitzetan ohikoak diren arazoak konpontzeko irtenbideak zehaztuko dira.
2. Udalaren bitartez, interesdunei “Energia Argitu Kit” maletak banatuko zaizkie. Kit horrek aukera ematen du etxeetan neurketak egiteko, energia-gabeziak detektatzeko (aire-ihesak, berokuntza-erradiadoreetako galerak, ur-emariaren kontrola, instalazioaren errendimendua eta galerak, eta abar) eta % 5 eta % 10 arteko aurrezpenak eragin ditzaketen neurri sinpleak hartzea proposatzen du. Maletatxoko tresnak erabiltzeak ez du eskatzen ezagutza teknikorik; beraz, interesa duten pertsona guztiek erraz erabili ahal izango dute.
3. Behin etxebizitzaren auto diagnostikoa eginda, parte-hartzaileek etxebizitzen birgaitze energetikoko espezialistekin lortutako emaitzei buruzko zalantzak kontsultatzeko aukera izango dute.
Kanpaina honetan parte hartu nahi duten herritarrek, azaroaren 10a baino lehen izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:
- Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: argitu@gipuzkoa.eus
- Honako telefono zenbakira deitzea: 628-532-303 (astelehenetik ostiralera. 9:00-18:00)
- Informazio osagarria: www.argitu.eus