Energia trantsiziorako bulegoa astelehenetan Eskoriatzan

2025 / 03 / 11

Debagoieneko Mankomunitateak herriz herri arituko den energia trantsiziorako bulegoa irekiko du.

Trantsizio energetikoa lehentasuna bilakatu da azken urteetan, eta datozen urteetarako erronka nagusienetako bat izango da. Horren harira, Debagoieneko mankomunitateak 4 lan ildo estrategiko ditu:

  • Energia ereduaren aldaketaren aldeko apustua egitea. Horretarako oso garrantzitsua da herritarrei informazioa modu gardenean eskaintzea eta herritarrak energiaren inguruan ahalduntzea. Eraldaketarako tresna gisa Energia bulegoa eta datu behatokia martxan jartzea bultzatu da, bertan zalantzak argitzeko aukera izan dezaten herritarrek.
  • Energia arloan eskualdeko administrazio publiko arduratsua sustatzea.
  • Energia kudeaketa jasangarria bultzatzea etxeetan eta jarduera ekonomikoetan.
  • Eskualdeko hirigintza eta mugikortasuna energia eta klima irizpideekin garatzea.

Herriz herriko bulegoa

Arreta zuzena emango du bulego berriak, eta herri guztiek izango dute aurrez aurreko zerbitzua eskainiko duen egun eta ordutegi propioa. Horretarako, teknikari bat izango da herriz herri, energiari lotutako informazio guztia gardentasunez eskaintzen. Eskoriatzan astelehenetan egongo da, udaletxeko 1. solairuan, 9:00etatik 14:00etara. 

Aurrez aurreko zerbitzuaz gain, aukera izango da ere telefonoz eta emailez informazioa eta aholkularitza eskatzeko. Horretarako, Mankomunitateak telefono eta mezularitza zerbitzuak jarri ditu martxan, 747 48 51 47 telefono zenbakian eta energiabulegoa@debagoiena.eus helbide elektronikoan.

Horrez gain, energiabulegoa.debagoiena.eus webgunea ere martxan jarri du Mankomunitateak, zalantzak argitu eta informazioa uneoro eskuragarri izateko.

Helburua: herritarrei informazioa gardentasunez ematea

Bulegoaren zeregina honako hau izango da:

  • Elektrizitate eta gas fakturetan agertzen den informazioa azaldu eta ulertarazten laguntzea.
  • Merkatu arautuan eta librean dauden aukerei buruzko informazioa ematea.
  • Datu historikoetan oinarrituz, horniketa bakoitzari dagokion potentzia optimoa aztertzea.
  • Etxean instala daitezkeen energia berriztagarrien inguruko informazioa ematea.
  • Etxebizitzaren birgaitze energetikoari buruzko gaietan aholkatzea.
  • Laguntza ekonomikoak lortzeko aukerak dauden aztertzea (bonu sozialak, GLL eta bestelakoak).