ERAKUNDE ADIERAZPENA: azaroak 25

2025 / 11 / 21

Emakumeen Aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Eskoriatzako Udaleko EH Bildu eta EAJ alderdiek, Eudelek onartutako testua oinarri hartuta, honako adierazpena egin dute emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko egunean, komunitate feministak eta emakumeen ahalduntzea indartzearen alde eginez:

Azaroaren 25ean gogora ekarri nahi dugu Indarkeria matxistak beldurrezko eta lotsazko ingurunea sortzen duela, indarkeria jasaten dutenak bakartzeko eta isilarazteko joera du, eta biktimagileen zigorgabetasun-sentsazioa areagotzen du. Izan ere, sarerik ez izateagatik eta komunitatean sustraituta ez egoteagatik, egoera horiek areagotu egiten dira isolatuago egon daitezkeen emakumeen artean, besteak beste, adineko emakumeak, landa-ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasuna duten emakumeak, emakume atzerritarrak eta bestelako baldintza bereizleak dituztenak.

KOMUNITATEAk beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu, eta babes-loturak garatzea eta narratiba komunak sortzea ahalbidetzen du.

  • Komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake, eta berdintasunean oinarritutako harreman-inguruneak sortu, diskriminazioaren eta indarkeriaren adierazpenek tokirik izan gabe.
  • Komunitate feministak, hurbiltasunetik eta sororitatetik, indarkeria jasaten ari diren emakumeak gorputzez babes ditzake.
  • Tokiko komunitateak biktimen erreparazioa babes dezake.

Udalok erantzukizun zuzena dugu, komunitateak sustatzeko non auzotarrak, taldeak eta koadrilak indarkeria matxistaren aurrean erne egongo diren, eta indarkeria matxista pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko duen bizitza komunitarioa bultzatzeko. Era berean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako komunitate erreparatzaileak sustatzeko erantzukizuna dugu.

Hartutako konpromisoak:

  • Eskoriatzako komunitate feministak ahalduntzeko asmoz, inguruko Emakumeen Etxeekin harremanak egin eta Eskoriatzako Jabetze Eskola sortzea.
  • Eskoriatzako mugimendu feministarekin harreman zuzen eta jarraia mantentzea.
  • Eskoriatzako askotariko emakumeak* elkar ezagutzeko eta saretzeko berariazko ekimenak antolatzea. Horrekin batera, emakume* eta emakume* taldeen arteko zubiak eraiki eta elkarlana sustatzea.
  • Indarkeria matxistako kasuen aurrean herritaren mobilizazioa sustatzea.
  • Kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera- eta integrazio-programak garatzea, tokiko komunitatearekin lotzea ahalbidetzeko, bereziki emakume eta neskengan arreta jarriz.
  • Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak garatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko, bereziki konplizitatate matxisten inguruan.

Era berean, bi alderdiek eskoriatzar guztiei dei egiten die asteartean, azaroaren 25an, Emakumeen kontrako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izanik, Eskoriatzako plazan 18:30ean egingo den elkarretaratzean parte-hartzeko.