Errigorako saskiak eta Lesbosera bidaltzeko oinetakoak

2021 / 11 / 09

Aste honetan zehar bi kanpaina solidario egingo dira Eskoriatzan: alde batetik Errigorako saskiak erosi eta Eskoriatzan jasotzeko aukera izango dugu, eta, bestetik, Lesboseko errefuxiatu kanpamentuerako bidaltzeko neguko oinetako bilketa.

Errigorako saskiak

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Kanpaina honetan, Nafarroa hegoaldeko porduktuz osatutako saskiak salduko dira.  Hiru saski daude aukeran eta Errigorak Ikastolen Elkartearekin, AEKrekin eta Sortzen-ekin elkarlanean egiten du kanpaina, eta kanpainak uzten duen ekarpen ekonomiko gehiena ikastolei eta Nafarroako hegoaldeko euskaltegiei zuzenduko zaie, baita Sortzen-en dinamikei ere, eremu horretako sare publikoan D eredua indartzeko.

Eskaerak egiteko epea hilaren 11ra artekoa da eta eskaera online egin behar da. Eskoriatzako Atxorrotx kultur elkarteak bat egiten du kanpainarekin eta saskiak Eskoriatzan Inkernu tabernan jasoko dira.

Webgunean, eskaintzen dituzten saskiak, prezioak eta kanpainari buruzko xehetasun gehiago ikus daitezke.

Lesboseko errefuxiatu-guneetarako neguko oinetakoak

Zaporeak Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmo gabeko elkartea da. Egun, 2.000 otordu prestatu eta banatzen dituzte egunero Greziako Lesbos uharteko kanpamentuan dauden errefuxiatuen artean.

Negua iristear dagoela, errefuxiatuek Lesboseko kanpalekuan bizi duten egoera larria da eta beste gauza batzuen artean neguko oinetakoak behar dituzte. Hori dela eta, Zaporeak elkarteak  neguko oinetakoak, jasotzeko kanpaina antolatu du. Zapatak, zapatilak eta botak jasoko dira Euskal Herri osoan Lesboseko errefuxiatu-guneetara bidaltzeko.

Eskoriatzan azaroaren 13an, larunbata, 10:00etatik 13:00etara herriko plazan jasoko dira oinetakoak.