Eskoriatza APP berria jaietarako

2016 / 06 / 17

Mugikorrerako aplikazio berria kaleratu du Eskoriatzako Udalak Play Store-n eta App Store-n eskuragarri dagoena, “Eskoriatza” hitzaren bilaketa eginez, eta San Pedro jaietako egitarauaren informazioa jasoko duena. Doakoa da guztiz eta erabiltzaileak berak aukeratutako hizkuntzan ikusi ahal izango du.

Sanpedro_APP

EGITARAUA: San Pedro jaietako egitaraua kontsultatu ahal izango du erabiltzaileak, egunez egun eta baita ikuskizun edo ekintzen kategoriaren arabera antolatuta ere: musika, txosnak, gazteak, lehiaketak…

ARGAZKIAK: San Pedro jaietan ateratako argazkiak aplikazioan zuzenean ikusi ahal izango dira eta gainera herritarrek bidalitako argazkiak ere aplikazioan txertatuko dira; horretarako twitterreko #sp2016tza traola erabili beharko da edo 650 49 51 66 zenbakira whatsapp bidez argazkia bidali.

IRITZIA EMATEA: Informazioa jasotzeaz gainera, herritarrek ekitaldi bakoitzari buruzko iritzia emateko aukera ere izango dute. Horretarako, egitarauan jasotako ekintza bakoitzean sartuta “Eman iritzia” klikatu eta  1etik 5etara bitarteko puntuazioa emateko aukera egongo da eta baita iradokizunak idazteko aukera ere.

AZKEN ORDUKO OHARRAK: Eguraldia edo bestelako gora-beherak tarteko egitarauan aldaketarik egonez gero, Udalak aplikaziora oharrak bidaliko ditu. Ohar berriak daudenean, modu destakatuan agertuko zaizkio erabiltzaileari aplikazioaren eskuma aldean goian.

Aplikazioa erraza, erosoa, sinplea eta azkarra da eta bi norabidetarako aukera ematen du: udalak herritarrari informazioa helarazteko eta baita herritarrak udalari helarazteko ere.