Eskoriatza eraikitzen jarraitzeko 2023rako Aurrekontu orekatuak
2023 / 01 / 16Abenduaren 22an izandako Osoko Bilkuran udalbatzak hasierako onarpena eman zien 2023. urterako aurrekontuei EAJ-PNV eta Elizateetako udal taldeen aldeko botuekin. EH Bilduko zinegotziek kontrako bozkatu zuten.
Aurrekontu orekatuak dira, hau da, gastu finkoak (langileak, mantentze-lanak, energia, jarduerak eta dirulaguntzak) diru-sarrera finkoen bidez finantzatzen dira (foru-funtsa, tasak eta zergak).
Bestalde, inbertsioak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza programen bidez finantzatuko dira, eta mailegua ere eskatuko da horretarako.
Guztira, 2023ko udal aurrekontua 7.932.927 €-koa da, hain zuzen ere 2022koa baino %48,8 handiagoa.
Foru funtsa: diru-sarreren oinarria
Foru-funtsa Foru Alldundiek lurralde historikoetako udalerriei egiten dieten ekarpena da, haien biztanleriaren araberakoa izaten dena. Gipuzkoako Foru Aldundiak Eskoriatzari ematen dion Foru Funtxa, Udalaren diru-sarreren %41,7 da, hau da, 3,3 milioi baino gehiago. Sarreren bigarren diru-iturria udal-tasek eta -zergek osatzen dute (%19,6), eta, azkenik, laguntza- eta inbertsio-programei lotutako dirulaguntzak eta maileguak daude.
Zerbitzu publikoak hobetzeko gastatzen dugu
Udalak bere eskumenekoak diren zerbitzuak eskaintzen erabiltzen du dirua eta baita Eskoriatza hobetzen jarraitzeko aukera ematen diguten inbertsioetara bideratzeko ere.
Gastu orokorren kapituluak (II) udal-eraikinen mantentze-lanen eta funtzionamenduaren kostuak barne hartzen ditu: udaletxea bera, kiroldegia edo liburutegia. Azpikontratatutako zerbitzuak ere sartzen dira, besteak beste kale-garbiketa edo zabor-bilketa, nahiz eta azken hori Mankomunitateak kudeatzen duen eta ez Udalak. Azkenik, jaiak eta Udalak bultzatutako ekintzak eta jarduerak ere II.kapitulu honetan sartzen dira. Guztiaren %39,2 da.
Bestalde, Udalaren funtzionamendua eta zerbitzuen prestazioa posible egiteko egunez egun lan egiten duten pertsonen kostea %24,3 da (I.kapitulua).
Kreditu-transferentziak: herri-ekimena bultzatuz
Kreditu-transferentziak izeneko partiden bidez (IV. kapitulua), Udalak hainbat herritarrek eta taldek sustatutako jarduerak finantzatzen ditu. Ekimen horiek gure gizarte sarea biziberritzen dute eta kolektibitateko kide izatearen sentimendua bultzatzen laguntzen dute.
2023an, guztira, 400.000€ baino gehiago bideratuko ditu Udalak ekimen horietara, aurreko urtean baino %20,5 gehiago.
Zerrendan laguntza publiko horien onuradun diren kolektibo eta elkarteetako batzuk azaltzen dira.
Gizarte orekatuagoa lortzeko ekimenak
Aurrekontuen funtsezko ataletako bat gizarte-laguntzen programak osatzen dutena da, egoera ahulenean dauden pertsonak laguntzeko programak hain zuzen. Caritas eta Gurutze Gorria bezalako elkarteekin elkarlanean aritzen gara eta, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin koordinatuta, 766.000€ bideratzen ditugu desberdintasuna murriztera. Hau da, aurreko urtean baino %24 gehiago, eta artengoa da legegintzaldi guztietan gizarte-laguntzetara bideratutako aurrekontu zati handiena duena.
Legegintzaldi honetan ezartako bi laguntza-programa nabarmentzekoak dira: energia-bonoa – elektrizitate- eta gas-gastuak ordaintzen laguntzeko – eta erosketa-bonoak, jasaten ari garen neurrigabeko inflazioaren eragina arintzeko. Laguntza horiei esker, familia askok konpentsatu ahal izango dituzte gobernu zentralak kendutako laguntza batzuk, adibide gisa gasolinarako laguntza.
Inbertsioak: etorkizuneko Eskoriatza eraikitzen
Orain arte azaldutako gastuen partidek, herritarrek egunero eskatzen dituzten zerbitzuak eskaintzea ahalbidetzen dute. Atal honetan azalduko diren inbertsioek, berriz, urratsez urrats eta udalaren diru-aukeren barruan, apurka apurka etorkizuneko Eskoriatza eraikitzeko aukera eskaintzen dute.
Hala, azpiegiturak berritzea (argiztapen-sarea esaterako) eta eraikin publikoak eraberritzea (Luis Ezeiza eskola edo kiroldegia kasu), herri jasangarriago bat lortzera bideratutako jarduerak dira, erosotasun handiagoarekin eta hezkuntza, kirol, eta aisialdirako aukerekin, non behar guztiek lekua izango duten. Dorletako parkea berritu berri izana da horrelako jardueren adibidea da.
2023ko aurrekontuak dira, halaber, gure historian inbertsiorako diru gehien bideratzen dutenak. 2.270.000€ inbertitzea aurreikusten dugu, aurrekontu osoaren laurdena baino gehiago.
Energia jasangarriaren aldeko apostua
Klima-aldaketa ahal den neurrian murrizteko daukagun premia larriagatik, energia berriztagarriak erabiltzearen aldeko apustua egiten dugu, hala nola eguzki-energia eta geotermia.
Geotermia-sare bat instalatzeko proiektuari esker, kiroldegian eta Luis Ezeizaren inguruko eraikin publikoetan gas-kontsumoa murriztu ahal izango da. Sare horrek modu jasangarrian eta ingurumena errespetatuz aprobetxatuko du lurraren beroa. Eskola publikoko berogailuen sistema eta frontoia berritzea ere ahalbidetuko du.
Bestalde, kiroldegiko teilatuan eguzki-panel berriak jartzeko lanak aprobetxatuko dira, itoginen arazoa bideratuko duten zenbait konponketa eginteko.
Elizateak eta landa-ingurunea
Gure udalerrian elizateak eremu aipagarria dira. Aurten ere, eta EAJ-PNV eta Elizateetako udal-taldeek sinatutako legealdiko akordioak adierazten duen bezala, 175.000€ inguru bideratuko dira inbertsioetara, mantentze-lanetara eta bestelako zerbitzuetara.
Horrela, gure baserritarren bizitza duintzen dugu eta eskoriatzar eta kanpotarrentzako landa eta natur ingurune atsegina sortzen dugu.
Skate-park berria
Aurtengo beste inbertsio garrantzitsu bat skate-park berria egitea da. Hobekuntzen artean, lekuz aldatzea ere aurreikusten da, eremu handiagoa eskainiz. Horretarako, eta erabiltzaileen eskutik, skate-park berria diseinatzen ari gara.