´Eskoriatzako eta Gatzagako ipuiñek´ liburua aurkeztu da

2024 / 12 / 05

Eskoriatzako Matxingorri taldeak “Eskoriatzako eta Gatzagako ipuiñek” liburua auzketu zuen asteartean Ibarraundi Museoan. 

Eskoriatza eta Gatzagako hainbat kondaira, istorio eta pasadizo biltzen dituen proiektua da. Hilabete luzetako bilketa lanaren ondoren, guztira 14 ipuineko bilduma ilustratua osatu da, orain, “Eskoriatza eta Gatzagako ipuiñek” izeneko liburuan jaso eta argitaratu dena. Herriko kondairek eta Euskal Herriko ipuin tradizionalek bat egiten dute liburu honetan, bertako euskalkian nahiz batuan idatzita.

Hala hasten da liburua: Gurean bada esaera bat, “Izena duen guztia omen da”, herri-iruditeri oso bat biltzen duena. Eguneroko pasarteak fantasiarekin elkartu, pertsonaia eta agertoki harrigarriak sortu, eta horien hazietatik jaiotzen dira ipuinak. Kontakizun horiek guganaino iritsi dira, batez ere, ez hain aspaldian, familiek, etxeko sutondoan, ipuinak sortu, kontatu eta transmititu zituztelako.”

Matxingorri taldea hainbat eskoriatzarrek sortutako taldea da, tartean daude diseinatzaileak, hizkuntzan arituak eta adituak, ipuin kontalariak,… eta guztiek elkarlanean osatu dute “sinistuta, ipuin hauek kontatzen ditugunean, haurrek eta helduek elkarrekin eraikiko dugun momentu atsegina elikatu eta haziko dela, gure kondairek denboran bizirik iraun dezaten laguntzen ari garela.”

Liburuak eskuragarri

Liburua eskuragarri dago honako leku hauetan:

  • Eskoriatzako liburutegia
  • Arizmendi (Almen eta Jose Arana)
  • Ixkur ileapaindegia
  • Gatz museoa (Leintz Gatzaga)

Ipuin kontaketa

Abenduaren 14an, arratsaldeko 18:00etan, Ibarraundi museoan liburuko ipuinak oinarri izango dituen ipuin kontaketa eskainiko du Dorleta Kortazar ipuin kontalari eskoriatzarrak. Sarrera doakoa izango da.