Eskoriatzako herriak omenaldia egingo dio Joseba Iñurrategiri abenduaren 27an.
2013 / 12 / 19Azkenengo 30 urte hauetan Joseba Iñurrategirekin pilotan edo kirol horrekin lotutako zereginetan aritu diren guztiek (pilotari ohiek, gaur egungo pilotariek, epaileek, delegatuek…) aukera izango dute herriko pilotalekuan berarekin elkartu eta omenaldi xume bat eskaintzeko abenduaren 27an, arratsaldeko 19:00etan.
Joseba Iñurrategik 8 urterekin ekin zion bere kirol ibilbideari. Pilotari amateur moduan aritu zen 30 urte bete arte, eta ostean, beteranoetan ere jokatu zuen. 1981ean, Isidro Garate Magunazelaiarekin batera, Eskoriatzako Kirol Elkarteko delegatu kargua hartu zuen Felix Berasaluze Boliñaren ordez. Garatek ardura hori utzi zuenean bera bakarrik geratu zen guztiaren kargu, eta horrela jarraitzen du gaur egun ere.
Pilota izan da bere pasioa. Pertsona langilea, zuzena, benetan atsegina eta pazientzia handikoa, urteen poderioz eskarmentua hartzen joan da bai pilotari bai pilotari gazteen hezitzaile eta entrenatzaile bezala; gainera, bere jakituria eta ilusioa ingurukoekin partekatzen asmatu duenez, pilotaren baliorik onenak jaso ahal izan dituzte belaunaldi askok.
Iñurrategi erreferente bat da pilota kontuetan eskoriatzarrontzat, berari esker sortu baitzen umeen eskola eta berari esker jarraitzen baitu gaur egun pilotak bizirik herrian.
Abenduaren 27a aitzaki ona izango dugu hainbat urtetan egindako lana eta emandako guztia eskertzeko.
Kontutan izan abenduaren 26an pilotalekua itxita egongo dela prestakuntza lanak direla eta.