“Eskoriatzako Udaleko Erabilera Plana. 2013-2017” egitasmoa onartu da
2013 / 12 / 202013ko azken Osoko Bilkuran, datozen lau urteetarako Udal barruko Euskararen Erabilera Plana onartu du Eskoriatzako Udalak.
Berez, Udalak 2001. urteaz geroztik dauka martxan bere Euskararen Erabilera Plana, baina 2013an, EAEko euskararen normalizaziorako V. Plangintzaldiaren hasierarekin batera, plana berraztertu eta egungo egoerara egokitu du.
Plan berriak 2013an hasi eta 2017. urtera arteko eragin-epea izango du, eta bere helburu nagusia elebitasun hutsetik haratago iristea izango da, hau da, egoerak aukera ematen duen guztietan euskaraz bakarrik funtzionatzea, betiere herritarren hizkuntza eskubideak aintzat hartuta. Horregatik, ahalegin berezia egingo da eguneroko lana euskaraz ere normaltasun osoz egiteko, bai herritarrekin izaten diren harremanetan, bai beste administrazioekin izaten direnetan eta, bereziki, udal barruko eguneroko lanean.
Helburu hori betetzeko, hizkuntza helburuak definitu dira arlo bakoitzerako. Euskara zerbitzuko langileak kontatu barik, udaleko beste 29 langileetatik 26k hartuko dute parte egitasmoan.
Aurreko erabilera planetan bezala, oraingoan ere hizkuntza irizpideak dira egitasmoaren ardatz. Izan ere, irizpide horiek definitzen dute Udalaren hizkuntza politika, hau da, Udalak noraino iritsi nahiko lukeen euskararen erabilerari dagokionez.
Irizpideok hiru multzotan daude sailkatuta:
- Hizkuntzen erabilerarako arau orokorrak.
- Kalitatezko komunikazioak.
- Komunikazio elebidunetan euskara nabarmentzeko neurriak.
- Ahozko eta idatzizko komunikazioak eta komunikazioa telematikoa.
- Hizkuntza paisaia eta irudi korporatiboa.
- Langileen prestakuntza, eta euskara ikastaroetara joateko erraztasunak.
- Diru laguntzak eta udal baimenak.
- Udal erregistroa eta baliabide informatikoak.
- Kontratazio administratiboetarako hizkuntza irizpideak.
- Udalak egiten dituen administrazio kontratuetan (obra-kontratuak, aholkularitza eta laguntza kontratuak, zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuak…) hizkuntza baldintzak ezarriko dira Udalak berak bete beharko lituzkeen antzeko hizkuntza baldintzak bermatzeko.
- Langile eta funtzionarioen hautaketa prozesuetarako irizpideak.
- Legeak gai horri buruz zer esaten duen jaso da, eta Eskoriatzako Udalak, hori kontuan izanda, zein hizkuntza irizpide jarraituko duen zehaztu da.
Hori izango da, euskarari dagokionez, Eskoriatzako Udalak datozen urteetan izango duen zeregin nagusietako bat: urtez urteko kudeaketa planen bitartez irizpide horietan zehaztutakoa betetzera bideratutako neurriak hartzea.