Euskaraldian herriko 17 entitatek hartuko dute parte

2020 / 10 / 01

Euskaraldiaren 2. edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean izango da eta aurtengo nobedadea Entitateen parte-hartzea da, hain zuzen ere euskararen erabilerak norbanakoen esparrutik taldeetara salto egitea.

Eskoriatzako 17 entitatetan Ariguneak

Entitatea eremu antolatu eta finkoa da, egitura normalizatua duena. Esparru desberdinetako entitateak izan daitezke: erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kultur eta kirol taldeak… Entitate horietan euskara gehiago erabiltzeko Ariguneak osatuko dituzte. Ariguneak entitate horren funtzionamenduan eratuta dauden taldeak edo espazioak dira, bertako kide guztiek euskara ulertzen dute eta hizkuntza-praktikak euskarara aldatzeko edo finkatzeko helburua dute.

Eskoriatzan Ariguneak sortzeko konpromisoa hartu duten entitateak  honako hauek dira: 

Hezkuntza: • Arizmendi ikastola (Jose Arana eta Almen guneak) • Luis Ezeiza • Huhezi
Kirol eta kultur elkarteak: • Txistulariak• Egokiena gastronomia elkartea• Eingeinke taldea• Eskoriatza Kirol Elkartea
Merkataritza: • Altuna anaiak harategia• Aloña frutadenda
Enpresak: • Fagor Automation• Fagor Ederlan• Setalde• Laboral Kutxa
Administrazio publikoa: • Leintz Udal Euskaltegia• Udala• Kiroldegia

Ahobizi eta Belarriprest izena ematea

Entitateen izen-emate txanda bukatuta, orain norbanakoen izen-ematea hasi da. Norbanakoek Ahobizi edo Belarriprest izan nahi duten aukeratu beharko dute, jakinik rol hori Euskaraldiak irauten duen 15 egunetan bete beharko dutela. Rola aukeratzeko zalantzarik izanez gero,  infografia honek  lagunduko du erabakia hartzen.

Izena eman nahi dutenek, onena, online egitea da: https://izenematea.euskaraldia.eus/

Bakarrizketa umoretsua

Euskaraldiaren giroa berotzen hasteko, ostiral honetan, urriak 2, arratsaldeko 19:00etan Nerea Arriolak eskainitako TXOR TXOR umorezko bakarrizketa egongo da Zaldibar antzokian. Sarrera librea da, plazak bete artekoa, eta egungo egoerak eskatzen dituen segurtasun baldintzak beteko dira areto barruan, hau da maskarak erabili beharko dira eta 1,5 metroko distantzia gordeko da.