Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala onartuta

2015 / 11 / 26

Udalbatzak 2015eko azaroaren 24an egindako osoko bilkuran aho batez onartu zuen EUDELek proposatutako adierazpen instituzionalarekin bat egitea eta Eskoriatzako euskaldun berriei aitortza egitea. Hori horrela, hauxe da plenoak onartutako adierazpena:

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNEAN EUSKALDUN BERRIARI AITORTZA

Hazkunde prozesua izan da EAEn euskara biziberritzearena, eta bi izan dira prozesu eredugarri horren zutabe nagusiak: hezkuntza eta helduen euskalduntzea. Azken hamarkada hauetan, milaka eta milaka izan dira heldutan euskara ikastea erabaki duten herritarrak, eta milaka, baita ere, euskararen aldeko hautua eginez, euskararik jakin edo jakin ez, euren seme-alabentzat euskarazko irakaskuntzaren aukera egin dutenak.

2015eko Euskararen Egunean, euskarara hurbiltzeko hautua egin duten pertsonei aitormena egin nahi zaie, euskararen biziberritze prozesua etengabe elikatzen baitute  pertsona horiek, eta haien guztien gogo, kemen eta ahalegina omendu nahi dira.

Horregatik guztiagatik:

Udal honek konpromisoa hartzen du heldutan euskara ikastea erabaki duten pertsona guztiei jendaurreko aitortza erakustea eta udalerriko kale, plaza, lorategi, iturri, areto edo guneren bati laster EUSKALDUN BERRIA izena jartzea.