Euskarazko jostailu erakusketa berrikuntzekin dator

2024 / 11 / 27

Zer euskal jolas oparitu daitezke Gabonetan? Ideia berriak nahi badituzu, kultur etxeko hitzaldi aretoan, abenduaren 2an eta 3an, arratsaldeko 17:00etatik-19:00etara, zabalik izango den erakusketan aurkituko dituzu.

Erakusketan, euskaraz eskaintzen diren mahai-jolas eta jostailuak biltzen dira batez ere, baina, badira edozein hizkuntzatan jolastekoak ere. 2 urtetik hasi eta adin guztietarako jostailu eta mahai-jolasak, kooperatiboak nahiz konpetitiboak, jendeak ikusi eta probatu ditzan.

Esan bezala, berrikuntzekin dator jostailu erakusketa aurtengoan, izan ere, erakusketari amaiera emateko, “Jolas Molaz” tailerra eskainiko baita abenduaren 4an, Txatxilipurdiko begiraleek dinamizatuta, euskarazko jostailu atera berriak erosi edo eskatu aurretik, nolakoak diren eta nola jolasten den ikusteko eta norberaren gustukoak diren edo ez jakiteko. Familian jolasteko doako tailerra 16:30etik 19:30era izango da.

Ludoteka zerbitzua itxita

Tortolis ludotekako hezitzaileek abenduaren 2an eta 3an erakusketa dinamizatuko dutenez, ez da ludoteka zerbitzurik eskainiko.