Filmazpit Eskoriatzan, zinema jatorrizko hizkuntzan euskarazko azpitituluekin

2016 / 01 / 13

Fargazkia inmigrazioailmazpit 2011n sortu zen, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak diruz lagunduta, kalitatezko zinea jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin bultzatzeko helburuarekin.

Filmazpit programarako Euskal Herriko zinemaldi garrantzitsuenetan emandako filmak hautatzen dira (banatzaileen katalogoen jarraipena ere egiten da, batez ere, independenteenak), horiek emateko eskubidea lortzen da eta euskaraz azpititulatzen dira.

Programak film ez komertzialak eman nahi ditu, nagusientzako filmak, ikuspuntu sozialetik nolabaiteko interesa izan eta eztabaidarako bide eman dezaketenak.

Eskoriatzan mota horretako filmak emango dira hilero, horietako lehenengoa urtarrilaren 27an, 19:30ean, Zaldibar antzokian. Sarrera doan izango da.

Lehenengo emanaldia inmigrazioari buruzko film labur sorta bat izango da. Kasu honetan, hainbat arrazoirengatik eurena ez den herrialde batera modu batean edo bestean iritsitako gizon eta emakumeak dira bilduma osatzen duten film labur hauen protagonistak. Bizitza berri bat hasi nahi, baina, herri-hartzaileetan koiuntura zailarekin eta klase politikoak eta legegileek ezarritako arau zorrotzekin topo egingo dute eta klandestinitatea, mehatxuak, bortxa, esplotazioa edota legearen babesetik kanpo biziraun beharrak dakarrena jasan beharko dute.

Bizitzan bezala, hainbat eta hainbat zinemaldietan aurkeztutako eta saritutako bost film labur hauetan ezagutuko ditugun pertsonak oinarrizko eskubideen urraketa horiei eta baita gehiagori ere aurre egiten saiatuko dira.

Aïssa (Frantzia, 2013)
Frantzian egoera irregularrean bizi da Aissa, Kongon jaiotako emakume gaztea. Adingabekoa dela esaten du; agintariek, berriz, 18 urtetik gorakoa dela. Herrialdean gera daitekeen ala ez erabakitzeko sendagile batek azterketa oso bat egingo dio.
Hizkuntza: frantsesa. Iraupena: 8 min.

Bahar im Wunderland (Alemania, 2013)
Neskato kurdua da Bahar, Siriatik ihes egin duena bere aitarekin batera. Alemaniara iritsi dira, eta arrisku askoren mehatxupean aurkitzen dira. Neskatoak, ordea, badaki ikusezin bilakatzen arazo horiek saihesteko.
Hizkuntza: alemana, ingelesa, persiera. Iraupena: 16 min.

Einspruch VI (Suitza, 2012)
2010. urtean gertatu zen deportazio lazgarri baten kasua Suitzan asiloa eskatzen zuen gazte afrikar baten begietatik ikusia.
Hizkuntza: alemana, ingelesa. Iraupena: 17 min.

Rétention (Frantzia, 2013)
Etorkinak atxikitzeko zentro batean, abokatu bat bere bulegora iritsitako gizon ukrainar baten kasuan ari da lanean. Erloju kontrako beste gatazka bat hasi da kanporatua izan ez dadin.
Hizkuntza: frantsesa. Iraupena: 14 min.

Se Taire (Frantzia, 2012)
Gauero bezala, Souleymane, paperik gabeko etorkin bat, enpresa bateko bulegoak garbitzen ari da. Baina egun hau ezberdina izango da, gainditzen dion egoera bati aurre egin beharko dio eta.
Hizkuntza: frantsesa. Iraupena: 13 min.