Gabonetako apaingarrien lehiaketa

2021eko azaroak 19

Eskoriatzako Udalak gehien bat birziklatutako materialekin egindako gabonetako apaingarrien lehiaketa antolatu du, eta horrekin jendea gonbidatu nahi du Gabon jaiez modu arduratsuan, parte-hartzailean eta ingurumena errespetatuz gozatzera.

OINARRIAK (Deskargatu oinarriak)

1.- Helburua

Lehiaketa honen helburua da gehien bat botatzeko diren hondakinak erabilita, horiei erabilpen berri bat emanda, Gabonetako apaingarriak egitea, eta horiekin espazio publikoak apaintzea.

Kontzientzia hartzea nahi da egunero sortzen dugun hondakin kopuruaz eta horrek sortzen duen ingurumen arazoaz, eta horrekin batera, beharrezko ez diren kontsumoak saihesteak duen balioaz jabetzea eta ohiko apaingarriak erabili beharrean egon daitezkeen alternatibak bilatzea.

Familian, eskapeko edo auzoko bizilagunekin, lankideekin… lan egiteko aukera ere bada.

2.- Parte-hartzaileak

Lorategia, zuhaitzak, espazio publikoa, auzoa edo antzekoa apainduz parte hartu nahi duten auzotar talde, kuadrilla, talde edo norbanako guztiek parte hartu ahal izango dute.

Parte hartzeko, korreo bat bidali beharko da, abenduaren 16a baino lehen, hazi@eskoriatza.eus helbidera edo 650 49 51 66  whatappera  honako datuekin: arduradunaren izen-abizenak, apainduko duen  espazioa, eta horren argazkia.Antolatzaileen oniritzia jasotakoan apaindu ahal izango da hautatutako gunea.

3.- Teknika

Teknika librea izango da. Gabonetako objektu (gabonetako bolak, faroltxoak, kateak, lanparak, gabonetako zuhaitzak…) bihur daitekeen edozein hondakin erabili ahal izango da (plastikozko botilak, cd-ak, abatz-estalkiak, laten eraztunak, latak, tetrabrikak, bizikleta gurpilak, kable tutuak, telak, kortxoa, beira, egurra…). Apaingarriei argiak ere jarri ahal izango zaizkie nahi izanez gero.Talde, elkarte edo norbanako bakoitzak bere lana zaindu beharko du erakusgai dagoen bitartean.

4.- Balorazio irizpideak

Ondorengo alderdiak hartuko dira kontuan: sormena, materialak eraldatzeko erabilitako teknika, ahalik eta erositako material gutxien erabiltzea, erabilitako materialak, diseinua, zailtasuna, berrerabilitako materialen aprobetxamendua.

5.- Sariak

Sariak dirutan emango dira

  • Lehenengo saria: 300 euro.
  • Bigarren saria: 200 euro.
  • Hirugarren saria: 100 euro.
  • 30 euroko 10 sari zozketatuko dira parte hartzaileen artean.

6.- Apaingarriak jartzeko egunak

Apaingarriak jarrita egon beharko dira abenduaren 19ko eguerdiko 14:00rako.

7.- Apaingarriak noiz kendu

Apaingarriak gabonetan egongo dira ikusgai, eta 2022eko urtarrilaren 7tik aurrera kendu beharko dira eta urtarrilaren 10erako kenduta egon beharko dira,  eta zaborrera bota behar baldin badira, behar den moduan birziklatu beharko dira.

8.- Epaimahaiaren erabakia

Epaimahaiak abenduaren 19 eta 21 bitartean baloratuko ditu lanak, eta sariak 2021eko abenduaren 22an jakinaraziko dira. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da, eta bera izango da edozein gertaera edo egin dakiokeen ohar erabakitzeko organo eskuduna.

9.- Baldintza orokorrak

Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarrietan jasotako baldintza guzti-guztiak ezagutzea eta onartzea.Epaimahaiak ahalmena izango du oinarrietan aurreikusi ez diren kasuak erabakitzeko, bai eta sariren bat eman gabe uzteko ere.