Gaur, Santa Ageda eguna
2020 / 02 / 05Santa Ageda eguna ohitura handiko jaia da Eskoriatzan, Euskal Herriko beste herri askotan moduan aspaldidanik ospatzen dena. Santa Ageda eguna gaur da, otsailaren 5a, baina jai gehienetan moduan, bezperan ematen zaio hasiera ospakizunari.
Atzo, elizateetatik ibili ziren Santa Ageda neska mutilak; eta, gaur, berriz, janzkera aldatu eta kalez kale ikusiko ditugu. Fraka eta alkandora zuriak, alpargatak ere zuriak zinta gorriekin, gerrikoa, txapela eta lepoan, koloredun zapi handia. Kintorik zaharrenak eta gazteenak, berriz, txapela eta gerriko beltza ibiltzen dituzte.
Gaurko egunean, etxez etxe koplak kantatuz ibiliko dira santa-eskean, trikitixak edo soinuak lagunduta. Herrian etxeak bisitatzeaz gain, lantegietan, tabernetan eta dendetan ere batuko dute dirua eta herriko ikastetxeak ere bisitatuko dituzte haurrei gozokiak banatzeko.
Santa Ageda neska-mutilek 2 egunetan egiten dute dantza herriko plazan: lehenengoa, Santa Ageda egunean (otsailak 5, aurten, asteazkena) eta bigarrena, hurrengo domekan, otsailak 9. Herriko kaleetatik atalataikoan datozela iristen dira neska-mutilak plazara.
Arratsaldeko 19:00etan, elizako kanpaiekin batera, etxaflero bat bota eta dantza-ekitaldiari hasiera emango zaio.