Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehenengo saioa Eskoriatzan izango da

2024 / 04 / 11

Euskal Herriko lehenengo bertso eskola Eskoriatzako Almen ikastolan sortu zen duela 50 urte,  eta urteurren hori dela eta, aurten jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen faseko lehenengo saioa Eskoriatzan jokatuko da.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko antolatzaileek adierazi dute 2024ak urteurren garrantzitsua duela, mende erdia igaro baita lurraldean lehen bertso eskola sortu zela: “Hain zuzen ere, Leintz bailaran sortu zen Juanito Akizu, Xanti Iparragirre eta Patxi Goikolearen ekimenez. Geroztik, ehunka izan dira herriz-herri sortu diren bertso eskolak eta milaka handik pasatu diren ikasleak. Horiek gabe ez dago ulertzerik gaur egungo bertso mugimendua eta mugimendu horren belaunaldi artekotasuna. Garrantzi berezia izango dute bertso eskolek 2024ko edizioan”.

Aipatzekoa da, Eskoriatzako Hankamotx bertso eskola hainbat urtean geldik egon ondoren, ikasturte honetan abiatu dela berriro eta 9 gaztetxo ari direla bertan trebatzen.

Eskoriatzako saioa

Apirilaren 25ean jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelektako 1.saioa Eskoriatzako Zaldibar antzokian, eta honako bertsolariek kantatuko dute: Antton Fernandez, Peru Aiartza, Libe Goenaga, Asier Ibarguren, Andoitz Urdapilleta, Joar Garate, Emaitz Murua, Jon Mata.

Sarrerak 7 € balio du eta dagoeneko www.bertsosarrerak.eus webgunean eros daitezke. Bertsozale elkarteko kideek eta 16 urtetik beherakok 5€ ordainduko dute.

Bi eskoriatzar

Aurtengo txapelketan 9 debagoiendar arituko dira eta horien artean 2 eskoriatzarrak, hain zuzen ere Oihana eta Haizea Arana Cardenal ahizpak. Biek bigarren saioan kantatuko dute lehenengoz, hain zuzen ere apirilaren 26an Zestoan.