Goitibehera jaitsiera herrikoia, aurtengo jaietako berritasunetako bat.
2018 / 05 / 25Aurten berritasun ugarirekin dator jai programa, aste hauetan poliki-poliki jakinaraziko dizkizuegunak.
Gaztetxoenek eskatuta, goitibehera jaitsiera, koadrila arteko jokoak eta umore laru parke bat antolatu da.
Goitibehera jaitsiera ekainaren 29an, ostiralean, goizeko 11:00etan, izango da Apotzagarako errepidean. Ez da txapelketa izango, jaitsiera herrikoia izango da, eta nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute, baldin eta goitibeherek eta parte hartzaileek beharrezko baldintza tekniko guztiak betetzen badituzte. Parte hartu nahi duten adingabeek gurasoen baimena ekarri beharko dute, hemendik jaitsi daitekeena.
Bi motako goitibeherak parte hartu ahal izango dute: errodamenduak dituzten zurezkoak eta “Drift Trike” deitutakoak, bizikleta itxura dutenak.
Goitibeherak egiteko, konpontzeko edo azken ukituak emateko, tailer bat antolatu da ekainaren 20rako, asteazkena, 17:00etan, plazan. Tailer horretan laguntza teknikoa emango da eta erremintak ere egongo dira goitibeherak egiteko, baina, bakoitzak bere materiala ekarri beharko du, hau da, bizikleta-eskulekuak, PVCzko jarlekuak…
Aukera hau aprobetxatu nahi dugu horrelako materialik etxean eduki eta behar ez dituztenei kultura etxera ekartzeko eskatzeko, tailerretan aprobetxatuko ditugu-eta.
Jarduera hau egiteko gurasoen laguntza behar izango dugu, eta beraz, zuen seme-alabei goitibeherak egiteko tailerrera laguntzeko eskatzen dizuegu, eta baita jaitsiera egunean antolaketan laguntzaile izateko ere.
Jaitsiera zein tailerra antolatzeko, parte hartu nahi dutenek aurrez izena ematea interesatzen zaigu. Tailerrerako izena emateko azken eguna ekainaren 18a, astelehena, izango da; eta jaitsierarako, ekainaren 25a, astelehena. Parte hartzaileen izenak jakin behar ditugu aseguruak egiteko.
Lagundu nahi duten gurasoek informazio gehiago kultura etxean eska dezakete (Arantxa 943 71 46 88).