Herri txiki, infernu handi Eskoriatzan
2017 / 09 / 20Euskal Telebistan eskaintzen den programa ezaguna da “HERRI TXIKI, INFERNU HANDI” Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadik aurkezten dutena. Emanaldi-sorta berria prestatzen ari dira eta tartean Eskoriatzan grabatutako programa eskainiko dute. Programan agertuko diren bideoak dagoeneko grabatuta daude eta aste honetan ikusi ahal izango dira kiroldegian, Zuhaitzek eta Mikelek egin ohi dituzten monologoekin eta Sebastian Lizasoren bertsoekin batera.
Saioa ostegun honetan izango da, dohain, eta edonork har dezake parte. Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu bertan parte hartzera eta emanaldiaz gozatzera:
- Eguna: Irailak 21, osteguna.
- Lekua: Manuel Muñoz kiroldegia
- Ordua: 20:00
Horrez gain, aste honetako ostegun arratsaldea ondo beteta dator, izan ere 17:00etan Seguru bai, bizikletan seguru ibiltzeko aholkuen kamioia egongo da plazan, 18:00etan zabalduko da Garagardo Festa Solidarioaren karpa eta ordu berean buztingintza tailerra ere egongo da, 19:00etan Supituki antzerki taldearen lana izango da, 20:00etan Herri txiki, Infernu handi programaren grabazioa izango da kiroldegian, 21:30 arte luzatuko dena, eta hura bukatutakoan, garagardo ferian janari alemaniarra dastatzeko momentu egokia izango da.