Herritar anitzak, herri bakarra
2016 / 10 / 27Askotarikoak gara eskoriatzarrak, asko eta desberdinak dira gure hizkuntzak, ohiturak, erlijioak, kultura ohiturak… baina denok osatzen dugu herria. Beraz, desberdintasunean elkarrekin bizitzeko, ezinbestekoa da bizikidetza orekatua izatea eta elkar errespetatzea. Errespetatzeko, berriz, beharrezkoa da bestea ezagutzea.
Aniztasun hori da AUZOKO egitasmoaren oinarria eta elkar ezagutzaz haratago, euskararik ezagutzen ez duten edo euskaratik urruti bizi diren herritarrrak euskarara hurbiltzea ere bada egitasmo honen helburua.
Azkeneko 4 urteetan martxan dago Auzoko egitasmoa Eskoriatzan eta astero astero bi talde batzen dira, ordubetez, euskarazko hitz eta esamolde batzuk ikasi, elkar ezagutu eta harremana sendotzeko.
Dokumentala
Datorren azaroaren 3an, osteguna, AUZOKOAK dokumentala eskainiko da Zaldibar antzokian, arratsaldeko 19:00etan, bertan Auzoko proiektuan parte-hartzen duten bost lagunen bizipenak ezagutzeko aukera izango dugu. Auzokok gainera, euskaraz bizi diren horiek ere parte-hartzera deitzen ditu, euskarara gerturatzen ari diren horien bidelagun izanik, bizikidetzaren eta aniztasunaren aberastasunaz gozatzeko.
Proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak diruz lagundutako jarduera da eta udal gizarte eta euskara zerbitzuek elkarlanean gauzatzen dute.
Informazioa
Auzoko egitasmoari buruzko informazioa nahi, edo taldeetan parte-hartzeko interesik duenak 661 746 376 (Asier) telefonora deitu dezake eta informazioa eskatu. Bestela, datorren ostegunean Zaldibar antzokian egingo den emanaldian ere aukera izango du.