Igande honetan 35 HUTS ANTZEZLANA

2021 / 02 / 02

35 urte betetzear dagoen Axun da protagonista. Familiako maldizio bat oinordetzan jaso duelakoan, noraezean dabil aspaldian, etorkizunak zer ekarriko dion jakiteko beldurrak harrapatuta. Madarikazioetan sinetsi ez arren, amarengandik ustez jaso duen zoritxarrari ihesean bizi da, zer gerta ere erantzunen bat prest izateko asmoz. Amona du bidelagun, eta hari kontatzen dizkio barruko mamuek sorrarazten dizkioten ezinegonak. Amonak, ordea, beste interes batzuk ditu; bakarra, egia esatearren: irrati nobela mexikar bati adi ematen baititu egunak, kate motzean lotuta.

. Itsasontzi forma duen bainuontzi bat, pasa den mendeko irrati eder bat eta rantxerak dira lehen begi kolpean publikoari deigarri egingo zaizkion elementuak, ez baita besterik ikusten oholtza gainean. Azpimarratzekoa da atrezzo eta aktore urriko antzezlana izanik ere, eszenatokiak transmititzen duen sentsazioa oso aberatsa eta oparoa dela: elementu bakoitzak zergatia du, eta Curielek primeran betetzen du espazioa, pertsonaia bakoitzari dagokion lekua emanez.

Umorea da ahalduntzeko bidea

Ordubete inguru irauten duen obra freskoa da “35 huts” eta azaleko gaiak jorratzen dituen antzezlana dela pentsa daiteke lehen minutuetan, izaera axolagabea duen pertsonaia aurkezten zaio publikoari obra hasi bezain pronto. Aurrera egin ahala, ordea, ertz asko agertzen da, eta belaunaldi arteko genealogiak pisua irabazten du: arbasoengandik jasotzen dugunak emozionalki pertsonengan duen eragina edo ama izateko 35 urteren inguruan emakumeok sentitu behar dugun “sasi-desira”, besteak beste.

Bere burua “ahalduntzeko asmoz” ekin zion proiektuari Esti Curielek. Miren Gojenola eta Aitziber Garmendia izan ditu bidelagun, zuzendari lanean bata, testua fintzeko ardurapean bestea. Halako hiru profesionalekin nekez atera zitekeen kalitate baxuko ezer, eta emaitzak ez dio kontrakorik, gustura ikusteko moduko ikuskizuna egin baitute, emozioak eta oinordetzak erdigunean jarriz.

    • Eguna: Otsailak 7, igandea
    • Ordua: 19:00
    • Prezioa: 5€ (Sarrerak aldez aurretik kiroldegian salgai)
    • Hizkuntza: Euskara