Igandean, omenaldia jaso zuten herriko jubilatuek
2015 / 09 / 29Irailak 27an, igandea, urtero bezala, 65 urtetik gorakoek omenaldia jaso zuten pilotalekuan, bertan 200 jubilatu inguru elkartu ziren.
Giroa berotzen hasteko, 11:00etatik 12:30era salda izan zuten erretiratuen etxean; 12:30etan, berriz, meza nagusia San Pedro elizan, irteeran txistulariak izan zituztelarik zain; eta, gero, 14:00etan, bazkaria pilotalekuan.
Bazkalostean, bazkarira joandako emakume eta gizonezko nagusienak omendu zituzten, hain zuzen ere, aurreko urtean bezalaxe, Elena San Vicente, 92 urteko emakumea, eta Pablo Gamboa, 97 urteko gizonezkoa. Elenari lore sorta eder bat eman zion Joserra Zubizarreta alkateak, eta Pablori txapela jarri zion Maite Uribe zinegotziak, bertaratutakoen txalo zaparrada artean.
Ondoren, herriko denda, taberna, banketxe, enpresa, eta Udalak emandako opariak banatu zituzten erretiratuen elkarteko kideek.
Azkenik, bukatzeko, dantza izan zuten Luís Miguel Lekuonak jarritako musikarekin. Bazkarira etorritako guztiek oso giro ederrean pasatu zuten eguna.