Igerian egiteari beldurra kentzeko ikastaroa, adinekoentzat
2024 / 09 / 13Ura inguratzen gaituen eta gure osasun eta ongizaterako onura ugari eskaintzen dizkigun elementu naturala da. Hala ere, pertsona askok beldurra, antsietatea edo deserosotasuna sentitzen dute urarekin kontaktuan sartzean, eta horrek uretako jarduerez gozatzea eta igeri egiten ikastea eragozten die.
Adineko pertsona batzuek premia hori helarazi dute, eta, horregatik, 60 urtetik gorakoentzako uretan eta igeriketan hasteko eta ohitzeko ikastaroa eskainiko da.
Urritik aurrera
Ikastaroa astearte eta ostegunetan eskainiko da 9:15etik 10:15era, eta urriaren 1ean hasiko da. Interesa duten guztiek irailaren 30a baino lehen eman dezakete izena edo informazio gehiago eskatu Manuel Muñoz kiroldegian:
- Telefonoa: 943 71 53 28
- Whatsapp: 610865954
- Helbide elektronikoa: kiroldegia@eskoriatza.eus
- Ordutegia:
- Astelehenetik ostiralera: 7:00 – 21:00
- Larunbatetan: 9:00 – 13:00// 16:00 – 20:00
- Igande eta jaiegunetan: 9:00 – 13:00
Onurak
Uretan eroso egotea ezinbestekoa da, uretan gozatu eta igerian egiten ikasteko. Eskainiko den ikastaro honetan, pertsonak urarekiko konfiantza eta segurtasuna hartzea bilatuko da, sentsazio positiboak eta atseginak senti ditzan. Urarekin ohitzea da igerian ikasteko lehen urratsa. Eta orohar uretan ibiltzeak onura ugari eskaintzen baditu ere, bereziki, hirugarren adinean onura fisiko eta psikologiko asko ditu, hala nola:
- Egoera fisikoa eta arintasuna hobetzen ditu.
- Gaitasun eta koordinazio psikomotorrak bultzatzen ditu.
- Presio arteriala murrizten du.
- Gaixotasun kardiobaskularren eta odolaren zirkulazioaren arriskua murrizten du.
- Insomnioa urruntzen du.
- Bizkarreko mina murrizten du.
- Gogo-aldartea eta osasun mentala hobetzen ditu.