Iñaki Encina piano-jole eta orkestra zuzendari eskoriatzarraren kontzertua Adriana Gonzalez sopranoarekin

2020 / 03 / 10

Martxoaren 24an, asteartea, Zaldibar antzokian kontzertu aparta izango da bi arrazoirengatik: batetik, interpreteen maila ukaezinagatik, eta, bestetik, Frantziako lirikan gero eta ospe handiagoa duen Iñaki Encina gazte eskoriatzarrak, Gasteizko Antzoki Zaharreko Ganbera Musika Ziklora egingo duen bisita aprobetxatu nahi izan duelako kontzertu hau Eskoriatzan eskaintzeko eta, dagoeneko, sari pila bat jaso dituen Adriana Gonzalez balio handiko soprano gazte guatemalarrarekin grabatu berri duen diskoa bere herrian aurkezteko. 19:00etan hasiko den kontzertuan, Robert Dussaut, Isaac Albéniz, Hélène Covatti, Robert Dussaut eta Jesús Guridiren lanak joko dituzte.

Kontzertu honetarako sarrerak martxoaren 9an jarri ziren  salgai Manuel Muñoz kiroldegian, 5 euroko prezioan. Saldu gabe gelditzen direnak asteartean bertan jarriko dira salgai, 18:30etatik aurrera, Zaldibar antzokian.

Iñaki Encina Oyónek gero eta onespen handiagoa dauka orkestra zuzendari gisa Frantziako eremu lirikoan. Musikenen Jorma Panula eta Enrique Garcia Asensio irakasleen eskutik ikasi ondoren, Pariseko Opera Nazionaleko Atelier Lyrique-an sartu zen 2005. urtean, korrepetidore edo zuzendari laguntzaile gisa hainbat produkziotan, Atelier Lyriqueren produkzioak zuzentzeaz gain.
Zuzendaritza bere jarduera nagusia bada ere, Iñaki Encinak ez du pianoa baztertu eta espainiar kantak, lied-ak eta frantziar kantak lantzen ditu, eta ganbara ziklo ospetsuetan parte hartzen du: Louvreko Auditorioan, Amphithéâtre Bastillen, Lilleko Operan, Bilboko Arriaga Antzokiko Gelatxoetan edo Madrilgo Zarzuela Antzokiko Ambigún.

2019ko Operaliako lehenengo saria eta zarzuelako interpretaziorik onenaren Pepita Embil saria lortu duen Guatemalako Adriana Gonzalez sopranoa bere belaunaldian etorkizun handienetarikoa duen abeslaria da, laudorio ugari jaso dituena bere ahotsaren lirismo eta musikalitate bikainarengatik.

1991n jaioa, Adriana Gonzalezek, 18 urte baino ez zituela, Hemeroteca Nacional de Guatemala-ko Artista Berriaren Saria jaso zuen.
Pariseko Opera National-eko Atelier Lyriquen sartu zen, eta 2017an Cercle Carpeaux-en lirika saria jaso zuen bere garapen nabarmenarengatik. Ondoren, Adriana Gonzalez Züricheko Opernhaus-eko International Opera Studioan sartu zen.

Bere ibilbide laburrean kantu lehiaketa garrantzitsuetan sariak lortu ditu mundu osoan zehar.