Irakurri, gozatu eta oparitu
2017 / 03 / 22
Irakurri,  gozatu  eta  oparitu   egitasmoa  martxan  dago  Eskoriatzan,  eta  martxoaren  20an  hasi  eta  maiatzaren  31ra  bitartean  gauzatuko  da.
Irakurzaletasuna  bultzatzea  helburu  duen  egitasmo  honek  herritarrak  euskarazko  liburuak  irakurtzera  animatu  nahi  ditu,  irakurtzearen  alde  atsegina  azpimarratuz  eta  liburutegi  publikoen  zerbitzuen  erabilera  sustatuz.  Egitasmoak,  parte  hartzea  saritzen  du,  liburuak  erosteko  abantaila  ekonomikoak  emanez,  eta  liburua  opari  bihurtzera  gonbidatzen  du.
Kanpainaren  izenak  berak  argi  adierazten  duenez,  hiru  pausu  eman  behar  dira  bertan  parte  hartzeko:
- 1) Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, udal liburutegira joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu.
 - 2) Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango dizu, liburu dendan erabiltzeko.
 - 3) Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.
 
Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango digu.
Horrez gain, apirila eta maiatza bukaeran, liburutegian 30 €-ko balioa duen txeke bat zozketatuko da hile horretan irakurle fitxa bete dutenen artean. Txeke berezi horrek, besteek bezala, euskarazko liburuak erosteko aukera emango du.
Opari txekea erabiltzeko epea.
Martxoaren 20an abiatuko da “Irakurri, Gozatu eta Oparitu”ren 2017ko edizioa, eta maiatzaren 31n amaituko da. Hortaz, ia bi hilabete eta erdiko iraupena izango du kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 10era artekoa izango da.
Beste jarduera batzuk
Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar. Hona hemen egitarau osoa.
