´Jakinduriek mundue erreko dau!´ ikuskizunerako gonbidapenak jaso daitezke dagoeneko
2020 / 02 / 07Otsailaren 15ean, larunbata, 19:30ean, Zaldibar antzokian eta Zientzia Astearen ekitaldien barruan “Jakinduriek mundua erreko dau!” ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dugu. Sarrera doan da, baina, aforoa mugatua denez, ikuskizunera joan nahi dutenek, lekurik gabe ez gelditzeko, gonbidapena jaso dezakete aldez aurretik Manuel Muñoz kiroldegian.
Itxuraz elkarren oso urruti dauden bi diziplinek, zientziak eta bertsolaritzak, lotura aurkituko dute ziklo honetan ohiko mugak gainditu eta jendartera iristeko.
Bizkaian eta Gipuzkoan zehar bost urteko ibilbidea egin ondoren, lehen aldiz helduko da saioa Eskoriatzara. Kike Amonarriz aurkezle eta soziolinguistak zuzenduko du “Bertsozientzia” izenez ezagutzen den ekitaldia, non bertsolariak zientziaren ezagutzarako bertso bikaina bilatzen saiatuko diren.
Ezagunak diren eta maila zientifiko aitortua duten 3 ikertzailek emandako 10 minutuko hiru hitzaldi eskainiko dira saioan, euskaraz. Hitzaldi bakoitzaren bukaeran, Amonarrizek hitzaldiarekin lotutako gai bat proposatuko die bertsolariei.
Partehartzaileak eta gaiak
- Bertsolariak: Uxue Alberdi eta Andoni Egaña.
- Zientzialariak: Iker Badiola (Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko ikertzailea eta irakaslea), Eider Bilbao (Plentziako Itsas Estazioko ikertzailea) eta Onintze Salazar (Euskalmeteko meteorologoa).
- Aurkezlea: Kike Amonarriz.
- Gaiak:
- Serrano urdaiazpikoak jabugo bihurtzen (Iker Badiola)
- Itsasoa, plastikoen gotorlekua (Eider Bilbao)
- Aldapan gora (Onintze Salazar).
Sarrera doan (aforoa dela eta nahi duenak doako sarrera hartu ahal izango du aurrez kiroldegian).