KORRIKA ostiralean iritsiko da Eskoriatzara
2022 / 03 / 30Azkeneko 2 hilabeteetan egindako hainbat bilaratan, Korrika batzordeak hainbat ekintza antolatu ditu, besteak beste bihar martxoaren 31 Zaldibar antzokian Iñigo Beitia Zabala eskoriatzarrak emango duen hitzaldia: “Euskara biziberritzeko egungo egoera eta gako berriak”
Iñigo Beitia eskoriatzarra Gizarte Antropologian graduatua da, UPV/EHUko doktoregaia eta NOR ikerketa taldeko kidea. 2021eko Txillardegi Hausnartu sariketara “Kulturaren eragina hizkuntzaren biziberritzean. Behin behineko ondorio batzuk” lana aurkeztuta, 3.saria jaso zuen, eta euskararen gaineko ikerketa ugaritan parte-hartu du.
Hitzaldian euskararen biziberritze prozesuan azken urteetan adituek emandako iritziak batu eta aurkeztuko ditu, eta aurrera begira euskararen biziberritzerako baliagarriak diren gako, ideia eta kontzeptu berriak azalduko ditu.
Apirilak 1, ostirala
Apirilaren 1ean etorriko da Korrika ofiziala Eskoriatzara, Aretxabaletako mugatik sartuko da Gatzagarako norabidean eta sarrera ordua 13:56 da. Lehenengo kilometroa Eskoriatzako Udalak hartuko du eta hortik aurrera honako hauek eramango dute lekukoa: Arizmendi – Almen, Olazar jubilatu elkartea, Luis Ezeiza herri eskola eta Koldotxo guraso elkartea, Arizmendi – Jose Arana gunea, Huhezi, Atxorrotx kultur elkartea, EH Bildu, EAJ, Ederlan eta Axtroki merkatari elkartea
Haurrentzako ekintzak bertan behera
Apirilaren 1ean egiteko ziren haurrentzako hainbat ekintza, tartean Korrika Txikia, baina eguraldiak lagunduko ez duenez, dena bertan behera geratu da, baita arratsaldean egitekoak ziren buruhandiak eta Trial erakustaldia ere.
Baina arratsaldeko 19:00etatik aurrera plazantxistorra pintxoak eta bokatak egongo dira eta kontzejupean, musika emanaldiak Eskoriatzako Ainhoa eta Irene bikotearekin eta Txalainak taldearekin. Gauean, berriz, 22:00etatik aurrera Inkernu tabernan SEIURTE taldea egongo da.
Igandean ere ekintzak
Igandea, apirilaren 3an Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako korrika batzordeek elkarrekin antolatu dute mendi irteera. Hartara, eskoriatzarrak goizeko 10etan elkartuko dira herriko plazan Atxorrotxerako bidea hartzeko eta 11:30ean bertan elkartuko dira Gatzagakoekin. Argazkia atera eta Leintz Gatzagarainoko bidea egingo dute, bertan 14:00etan elkartu eta salda hartzeko.
Arratsaldean 19:00etan Zaldibar antzokian Mikel Etxaburu idazlearen emanaldi musikatua egongo da, “Ahaztu baino lehen, ama” bere poema liburuan oinarritutako “Oroitzen hondarrak nota txikitan”emanaldiarekin. Piano soinuz, kantuz, irudiz, poemaerrezitaldiz eta argiztapen giro intimoarekin osatutako ordubeteko esperientzia ederra izango da.
Sarrerak aldez aurretik kiroldegian har daitezke, edo bestela www.bibe.me plataforman.