Kultur denboraldia ate-joka Zaldibar antzokian
2017 / 09 / 27Urrian hasten da denboraldi berria Zaldibar antzokian, eta ohikoa denez, maiatzera arte haur zein nagusientzako ikuskizunak egongo dira hilero: antzerkia, kontzertuak, filmak…
Horrela, igande honetan, urriak 1, Bihar txotxongilo taldearen “Garaiz Ikasi” antzezlana izango dugu. Familian ikusteko lana, batez ere, 3 urtetik gorako umeentzat egokia, hiru istorioen bidez baterako hezkuntza lantzen duena. Sarrera, 4 euro.
Filmez gain, nabarmendu behar da urriaren 7an egongo den bertso jaialdia, bertan, Julio Soto, Alaia Martin, Haizea Arana eta Oihana Arana egongo dira, azken biak eskoriatzarrak.
Bestalde, urriaren 20an Iñaki Perurenaren “Harria, maitasun istorioa” izango dugu antzokian. Ikuskizun horretan, harri-jasotzaile polifazetikoak bere bizitzan harriek izan duten garrantzia kontatuko digu.
Urriaren 22an, berriz, kalitate handiko ikuskizuna izango da: “Hozkailua”, euskarazko antzerki lana, Unai Iturriagak idatzia eta Ander Lipus eta Patricia Urrutia aktoreek antzeztua.
Lan honetan, Maite eta Karlos herririk herri dabiltza hozkailu zahar batekin. Hozkailuaren barruan, garagardo lata eta hestekien artean, Londonetik dakarten Jimmy lagunaren hilotza daramate. Zin egin baitzioten Jimmyri bere jaioterrian lur emango ziotela. Nongoa zen galdetzea ahaztu zuten ordea. Zinezko adiskidantza bat azaleratuko duen ezinezko bilaketa baten istorioa da HOZKAILUA