LIZTOR BELTZA. Erlezainen eta ekosistemen amesgaiztoa. Nola aurre egin?

2025 / 03 / 18

Vespa Velutina Nigrithorax. Horrela dauka izena Iberiar penintsula erdia kolonizatu duen liztor inbaditzaileak. Hemen liztor beltza edo asiarra ere esaten diogu, jatorria Asiako hego-ekialdea delako. Bere gorputzaren zatirik handiena beltza eta marroi iluna da, eta orban hori edo laranja gutxi ditu: orokorrean oso iluna da.

Liztor beltzak gure ingurune naturalera egokitzeko gaitasun handia du eta bertako biodibertsitate biologikorako aldaketa eta mehatxu eragilea da, horregatik da hain garrantzitsua liztorra ondo ezagutu eta eragiten dituen kalteak saihestea.

Bizi zikloari erreparatuta, abendu-urtarrilean erregina berriek hibernatu egiten dute, otsailean eta martxoan esnatzeko. Apirilean habia primarioak deritzenak egiten dituzte eta maiatzean jada langileak sortzen dira. Hortik aurrera, elikagai beharra handitzen da, habia handiagoak egiten dituzte, ugaldu egiten dira eta hurrengo zikloa hasiko duten erregina berriak sortzen dira.

Horretaz jakitun, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Erlezainen Elkartearekin eta hainbat erakunderekin elkarlanean, tranpa-kanpaina bat jartzen du martxan udaberrian, langileak sortu aurretik erregina berriak harrapatzeko. Eskoriatzako Udalak parte hartzen du kanpaina honetan, eta aurtengo kanpainarako hitzaldi bat antolatu du liztor beltza bertatik bertara ezagutzeko eta parte hartu nahi duen orok tranpak nola jarri ikas dezan. Hitzaldia Eskoriatzako erlezain Iñaki Zurutuzak emango du.

  • Eguna: martxoak 19
  • Lekua: Kultur Etxea
  • Ordua: 18:30