Merkataritza mahaiak erabakitako bi ekimenak martxan
2017 / 12 / 18Dagoeneko martxan daude urte honetarako merkataritza mahaian adostutako 2 ekimenak: hain zuzen ere establezimentuen kokapen plano bat egitea eta gabonetan erakusleihoen lehiaketa egitea.
Eskoriatzako establezimendu guztien kokapena jasotzen duen planoa egin da, eta Gabonetako egitarauarekin batera banatuko da gaur bertan etxe guztietara. Plano horren helburua da Eskoriatzan dagoen eskaintzaren berri ematea herritarrei, bertan agertuko baitira herriko establezimenduen kokapena eta telefonoa. Planoarekin batera esku-orri bat banatuko da: batetik, tokiko merkataritzaren garrantzia adierazteko kontzeptuak jasoko dituena, eta bestetik, erakusleiho lehiaketaren bozketan parte hartzeko balioko duena.
Erakusleiho Lehiaketa, berriz, abenduaren 18an hasiko da eta urtarrilaren 5ean banatuko dira sariak. Eskoriatzako establezimendu guztiek parte-hartuko dute eta ez dago izena eman beharrik. Irabazlea erabakitzeko herriko elkarteetako kide banak osatuko du epaimahaia eta herritarren bozketa ere kontuan hartuko da, herritarren botoak epaimahai kide baten balioa izango baitu. Irabazlea aukeratzeko, erakusleihoaren kalitatearekin batera, kontuan hartuko dira publizitate-mezuaren irudimena, originaltasuna eta eraginkortasuna, eta berrerabilitako materiala erabiltzea ere baloratuko da, gainera erakusleihoetan establezimendu bakoitzean saltzen diren artikuluak ikusi beharko dira. Botoa emateko azken eguna 2018ko urtarrilaren 3a izango da eta establezimenduetan utzi beharko da.
Saria eta zozketa
Erakusleiho onenaren saria 300 €-koa izango da eta bozketan parte-hartu duten herritarren artean 100 € zozketatuko dira Eskoriatzako edozein establezimendutan erabiltzeko. Saria urtarrilaren 5ean, arratsaldeko 19:30ean, banatuko da plazan, eta zozketa ere momentu horretan egingo da.