Mondragon Unibertsitatearekin lankidetza hitzarmena sinatu du Udalak

2023 / 07 / 10

Sinatutako hitzarmenaren helburua da Eskoriatzako campusaren inguruko eremuen erabilera eta mantentze-lana arautzea eta bi erakundeen arteko lankidetza berrestea.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Eskoriatzako Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Fakultateak Eskoriatzako campusean dituen eraikinen inguruko jabari publikoko edo herritarren erabilerako zortasuneko eremuen erabilera arautzeko. Bi erakundeok eremu horiek arautzeko akordioa hartzea da, hain zuzen, hitzarmenaren xedea.

Eskoriatzako campuseko Dorleta eraikina birmoldatzearen bidez, hezkuntza-proiekturako eremu eta testuinguru egokiak sortu nahi izan dira. Besteak beste, Fakultatearentzat eta haren hezkuntza-proiektuarentzat esanguratsuak diren zenbait ezaugarri lantzeko aukera emango duen eremu bat eraiki nahi izan da, eta, horretarako, erabakigarriak izan ziren Eskoriatzako Udalaren laguntza.

Zentzu horretan, eraberritzeak kontuan hartu du besteak beste komunitatearekin, hau da, herriarekin, eraikinak eta eraikinean habitatzen dutenek duten harremana eta horren seinale dira ere hitzarmenean jasotzen diren ildoak eta kanpo espazioaren askotariko erabilerak.

Gainera, egon litezkeen jabari publikoko lurzoruak lagatzeko baldintzak ezartzen ditu hitzarmenak, baita herritarren erabilerarako zortasuna duten jabari pribatuko eremuen eta haietan dauden elementuen erabilera eta mantentze-lanenak ere.

Bestalde, zenbait proiektutan lankidetza estuan aritzen jarraitzeko asmoa berresteko baliatu dute bi erakundeek hitzarmena.

Ildo horretatik, Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak azpimarratu duenez, Eskoriatzako Udala fakultatearentzako agente klabea da eta horren erakusle da Udala kooperatibaren Kontseilu Errektorean egotea. “Honek aukera emango digu Eskoriatzako herriarekiko eta komunitatearekiko harremanak sendotzen jarraitzeko”, gaineratu du dekanoak.

Beste alde batetik, Eskoriatzako alkate Edorta Zubizarretak unibertsitatearekin elkarlanean jarraitzeko asmoa berretsi du, eta hauxe erantsi du: “Guretzako ezinbestekoa den harremana da unibertsitatearekin duguna eta sendotzeko asmoa dugu”.

Alkatea, Huheziko dekana eta kultura zinegotzia