Mozioa: Iruña-Veleiari buruzkoa
2018 / 06 / 28Udalbatzak, ekainaren 26an izandako osoko bilkuran, aldeko 5 botorekin (4 EHBildu eta 1 Irabazi) eta 5 abstentziorekin (4 EAJ eta 1 EEE) Iruña-Veleiako auziari buruzko honako mozioa onartu zuen:
Iruña-Veleiako auzia bederatzi urtez egon da instrukzio fasean, Euskadin irekita dagoen auzi judizial zaharrena delarik. Bertan inplikatu gisa gure herritarra den Oscar Escribano aurkitzen da. Eskoriatzako Udalbatzak bere kezka agertzeaz gain, eta giza arrazoiengatik, hau eskatzen du:
1.- Auzia lehen bai lehen argitu dadila.
2.- Auzia egoki argitua izan dadin egin daitezela, erakunde edota arkeologo independienteak erabiliz, egin beharreko froga zientifiko guztiak. Horrela, soilik, benetako justizia berma daiteke.
3.- Eskoriatzako Udalbatzak bat egiten du Iruña-Veleiako auzia argitzearen aldeko hainbat euskal herritarrek egin duten manifestuan eskatzen denarekin:
- Piezen lagin bat Arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzea. Gure ustez, hiru laborategi ezberdinetan egin beharko lirateke analisiak, kasu berezietako protokolo zorrotzak ezarriz.
- Parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egin ditzatela Lurmenek grafitoen agerlekutzat seinalaturiko lekuen inguruetan.
4.- Akordio honen berri Arabako Foru Aldundiari ematea.