Mugikortasun jasangarriaren astea 2025

2025 / 09 / 05

Aurtengoa, Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearen hogeita bosgarren edizioa izango da 2025eko irailaren 16tik 22ra.

Mugikortasunaren Europako Astea arduradun politikoak zein herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina bat da non hirian autoa gehiegi erabiltzeak osasun publikoan eta ingurumenean dituen ondorio kaltegarriak nabarmentzen diren. Era berean, garraiobide iraunkorragoen erabilera sustatu nahi du, bereziki, garraio publikoa, bizikleta eta oinezko joan-etorriak.

Edizio honetarako aukeratutako gaia “Mugikortasuna pertsona guztientzat” da. Gai horren bitartez, Europako Batzordeak herritar guztiek garraio erabilgarria, irisgarria, eskuragarria, segurua eta iraunkorra izatearen garrantzia azpimarratu nahi du, diru-sarrerak, kokapena, generoa edo gaitasunak edozein direla ere.

Debagoieneko Mankomunitateak ere bat egin du Mugikortasunaren astearekin

Bailarako zenbait herritan ekimenak egingo diren arren, Mankomunitateak hauekin bateragarriak diren ekintza pare bat antolatu du: bizikletak elektrifikatzen ikasteko ikastaro praktikoa eta zozketa bat.

INFORMAZIO GEHIAGO