Nolako Eskoriatza nahi dugu?
2025 / 03 / 10Kulturartekotasuna eta euskara ardatz dituen egitasmoa hasi zuen Eskoriatzako Udalak HUHEZI fakulturatearekin batera duela 10 hilabete. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du eta aipatutako bi eragileez gainera, herriko ikastetxeek eta zenbait elkartek ere parte-hartzen dute.
Orain arteko lan-markoa azaldu eta aurrera begirakoak ezagutzera emateko martxoaren 13an, 18:00etan HUHEZIn herritar guztiei irekita dagoen saioa egingo da.
Eskoriatzak euskara ardatz duen herria izan nahi du eta euskararik ez dakiten herritarrekin abegikorra. Desberdinen arteko harremanak sustatu nahi ditu, komunikazio-bideak bermatuz.
- Baina nola uztartu helburu desberdinak?
- Zeintzuk dira Eskoriatzako datuak?
- Nola bideratu integrazioa eta norbere identitatea mantentzea?
- Eta horiek aintzat hartuta, nolako Eskoriatza nahi dugu eta zer egiteko prest gaude?
Huheziko Karmele Perez eta Amelia Barquín irakasleek bideratuko dute saioa, kulturartekotasuna eta euskara egitasmoak lideratzen eskarmentu handiko pertsonak dira eta orain arte Eskoriatzan egindako ibilbidea diseinatu eta egikaritzen dihardute.
Zuzeneko itzulpena
Saioa euskaraz izango da, baina egitasmoak berezko duen eran zuzeneko itzulpena eskainiko da gaztelerara Telegram bidea erabilita. Hori horrela, euskararik ulertzen ez dutenek komeni da aurikularrak ekartzea, itzulpena entzuteko.
Gonbidapen zabala egin nahi zaie herritar guztiei, euskara jakin edo ez, Eskoriatzan kulturartekotasuna eta euskara ardatz duen egitasmo honen berri jasotzera joan daitezen:
- Martxoak 13, osteguna
- 18:00
- HUHEZIn, taberna alboko gelan