Ostegun bidaiariak Zaldibar antzokian
2020 / 09 / 16Martxoan alarma egoeran sartu ginenetik, ez da Zaldibar antzokian emanaldirik egin. Orain, berriz, egoera normalizatu berrira egokitutako plangintza egin da antzokian eta aste honetako ostegunean egingo da lehenengo emanaldia, hain zuzen ere Ostegun bidaiariak egitasmoko lehenengo hitzaldia, Errusiako San Petesburgo eta Moskuri buruzkoa.
Zaldibar antzokiaren egokitzapena
Jaurlaritzak abuzturen 19an publikatu zuen osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzko agindua. Horren arabera:
- Ikuskizunetarako aretoen gehieneko edukiera %60koa izan daiteke.
- Maskara erabiltzea derrigorrezoa da.
- Pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan behar da (bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik, halakoetan ondoz ondoko eserlekuak erabili baitaitezke).
Hori horrela, Zaldibar antzokiaren plangintza prestatu da eta beheko eta goiko solairuak egokitu dira segurtasun-distantziak markatuz, argakian ikus daitekeenez.
Hala, egoera berri honetan dagoen gehienezko aforoa 47 eta 56 lagun artekoa da.
Bidaiak Errusiara eta Ameriketako parke nazionaletara
Ostegun bidaiariak 2 emanaldi izango ditugu irailean, eta berrikuntza moduan ordu aldaketarena dago. Izan ere, aurreko edizioak 21:00etan izaten ziren arren, egoera berriak dituen berezitasunak kontuan izanik, aurtengoak arratsaldeko 19:00etan egitea erabaki da.
Lehenengo emanaldia irailaren 17an izango da, Maite Santamariak eta Xabier Arkauzek iazko udan bisitatu zituezten Errusiako San Petesburgo eta Mosku hiriak izango dituzte hizpide, europar ikutua duen hiria lehenengo eta komunismo garaiak gogorarazten dituzten txokoak dituena bigarrena.
Bigarren emanaldian, berriz, Estatu Batuetako parke nazioanalak ezagutzeko aukera izango da Juan Miguel Pagalday eta Maria Isabel Eginoren eskutik, 2017an Montanako Bozeman hirian hasi eta San Frantziskora heldu arte dauden Yellowstone, Arroila Handia, Yosemite… ezagutu eta Eskoriatzara ekarriko dizkigute irailaren 24an.