Ostegunean hasiko dira Sanpedroak
2018 / 06 / 25Ekainaren 28an Pregoia eta Txupinazioarekin emango zaie hasiera ofiziala Eskoriatzako jaiei. Urtero moduan 4 eguneko jaiak izango dira, uztailaren 1era artekoak, eta ohikoak diren ekintzak eta berrikuntzak daude egitarauan.
Aipagarrienak
Txupinazoa. Aurten Angel Bañares musika bandaren zuzendaria izango da jaiei hasiera emateko txupinazoa botako duena. 35 urte egin ditu Angelek musika bandaren zuzendari eta merezitako omenaldia jasoko du jaien hasieran. Aurtengo danborradako emanaldiak izango dira Angelek bandako zuzendari gisa egingo dituen azkenak.
Ikurrinari omenaldia: Txupinazoa bota baino ordu bete lehenago, Gernika plazako maztan ikurrina ipiniko da. Ekitaldian herriko txistulari, dantzari eta Bergarako Alai taldea abesbatzak parte hartuko dute.
Erakusketa museoan: Ibarraundi museoak urtero jaietarako erakusketa egin ohi du eta aurten “Paper margotuak: Ganuza etxeko ezkutuko altxorra” izenburupean etorriko da oso erakusketa interesgarria. Napoleonen garaian Frantzian sortutako paperak daude Ganuza etxeko hormatan, munduan bakar egiten dituzten ezaugarriak dituztenak. Erakusketaren inaugurazioa ekainaren 27an izango da, arratsaldeko 19:00etan.
Gaztetxoenentzako: Aurten Lehen Hezkuntzako ikasleekin parte-hartze prozesu bat egin da jaietarako nahi dituzten ekintzak erabakitzeko eta horren ondorioz egitarauan Goitibehera jaitsiera, Umore horiaren puzgarria eta eurentzako moduko koadrilen arteko txapelketa egongo da.
Pilota partidak: San Pedro egunean izango dira, arratsaldeko 18:30ean eta Joseba Iñurrategi pilotalekuan bertan eskuratu ahal izango da sarrera.
Herri bazkaria: Uztailaren 1eko herri bazkaria plazan egingo da. Aurten prezioan aldaketa egon da eta haurren txartela 17 urte artekoek hartu ahal izango dute 10 euroko prezioan. Helduen menua, berriz, 16 eurokoa izango da. Tikeak Goxotxiki eta Inkernun daude salgai eta erosteko azkeneko eguna ekainaren 25a da.