Paco Etxeberria, zientzia eta memoria historikoa.

2022 / 11 / 10

Gaur, azaroak 10, Bakearen eta Garapenaren aldeko Zientziaren Munduko Eguna ospatzen da, eta horren harira, gure herrian, bihar, azaroak 11, ostirala, aparteko gonbidatu bat izango dugu, Paco Etxeberria antropologo forensea.

Giza eskubideak, memoria historikoa eta gaur egungo memoria izango ditu hizpide. Hitzordua, Eskoriatzako Zaldibar antzokian, 19:00etan. Herritar guztiak gonbidatuta daude hitzordura.

Paco Etxeberria, Beasainen jaioa, munduko auzitegi-antropologo onenetakoa da. Txilek bere laguntza eskatu zion Víctor Jara kantautorearen, Salvador Allende presidente ohiaren eta Pablo Neruda poetaren gorpuzkiak aztertzeko.

GALek eraildako Lasa eta Zabalaren gorpuak ere bere eskuetatik pasatu ziren. 2000. urtetik aurrera koordinatzen ditu, Aranzadi zientzia elkartearekin, Espainia osoan frankismoan fusilatutako eta zangetara edo bide bazterretara botatako 6.000 lagun lurpetik ateratzeko lanak.

Espainiako Gobernuak enkargatu dio Erorien Haranean lanak egitea senitartekoen baimenik gabe bertan lurperatutako 77 pertsonen gorpuzkiak euren senitartekoei itzultzeko.

  • Hitzaldia: Zientzia eta memoria historikoa
  • Eguna:  Azaroak 11, ostirala
  • Lekua:  Zaldibar antzokia
  • Ordua: 19:00
  • Hizkuntza: castellano
  • Sarrera doan