Pailazoen azaroko emanaldia bertan behera geratu da
2020 / 11 / 10Pena handiz iragarri beharra daukagu azaroaren 21ean egitekoa zen Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia bertan behera geratu dela. Ikuskizuna egiteko segurtasun baldintzak betetzeko helburuarekin sarrera zenbakituak saltzeko sistema jarri genuen martxan, baina uste baino sarrera gutxiago saldu dira (90 inguru). Udalak ulertu du herritarrek interakzio soziala ekiditeko borondatea adierazi dutela, eta hori adierazten duten herritarren ekarpenak ere jaso ditugu. Horiek horrela, momentu honetan emanaldia bertan behera uztea erabaki da.
Ahal denean egiteko konpromisoa
Udalak, dena den, jakin badaki Eskoriatzan azkeneko urteetan Euskal Herriko pailazo ezagunenen azaroko emanaldia tradizio bihurtu dela, eta estimu handikoa dela herritarren artean eta baita inguruko herrietako familien artean ere. Beraz, konpromisoa hartzen du egoerak hobera egiten duenean emanaldia antolatzeko.
Dirua itzultzea
Dagoeneko sarrera erosi dutenei eskerrak eman nahi dizkie Udalak kultur emanaldi honetarako agertutako interesagatik. Sarrera erositakoan datuak batu genituenez, aste honetan zehar zuzenean jarriko gara harremanetan bakoitzarekin eta dirua itzultzeko prozedura martxan jarriko da.
Azaroaren 21eko arratsaldea pailazoekin
Eskoriatzako familiak gonbidatu nahi ditugu azaroaren 21eko arratsaldea Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin pasatzera, norberak bere etxetik. Horretarako, iaz Eskoriatzan eskaini zuen “BIZI DANTZA” ikuskizunaren DVDa erosi edo liburutegian eskuratzera gonbidatzen ditugu herritarrak, edo baita datorren astean aurkeztuko den eta hilabete honetan estreinatuko duten “AMAREN INTXAURRAK” CDa eskuratzera ere. Etxean arratsalde pasa egiteko, gainera, www.katxiporreta.eus webgunean material ugari dago.
Eskerrik asko Arizmendi ikastolako Jose Arana guneko gurasoei emanaldi hau antolatzeko laguntza emateagatik eta antolaketa lanetan bidelagun izateagatik. Epe motzean, berriro, elkarrekin emanaldia antolatu ahal izatea nahiko genuke.