Partaidetzazko aurrekontuak: eskualdeko batzarra.
2015 / 06 / 04Gipuzkoa guztiko herritarrek erabaki ahal izango dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuaren zati bat zertarako erabili, Partaidetzazko aurrekontuaren bidez. Egitasmoa Urola Erdian jarri zuten martxan, 2013an; iaz, Gipuzkoako lau eskualdetara hedatu zuten, eta aurten lurralde osora zabaldu da. Aurten, berrikuntza gisa, eskualdeetako garapen agentziak integratu dituzte prozesuan.
Horiekin batera, erakunde eta udalek ere aukera izango dute haien ekarpenak egiteko. Gainera, lehentasuna emango diete epe luzeagoko proiektuei, Partaidetzazko aurrekontuak 4 urtera luzatu baitituzte.
Debagoienean lehenengoz jarri da martxan eta jadanik lehenengo fasea, proposamenak jasotzekoa burutu da apirila eta maiatza bitartean. Debagoieneko herritar eta eragileen proposamenak jasotzeko eskualdeko 8 herrietan saioak egin dira eta baita 2 tailer sektorial ere; bata turismo eta aisialdia arlokoa eta bestea inklusio sektorekoa. Guztira 75 pertsonek partehartu dute saio presentzialetan. Saioetaz gain, postontzietan eta interneten ere jaso dira proposamenak. Guztira, 190 proposamenetik gora jaso dira, eta horiek aztertu eta beretsuak bateratu ondoren, 137 proposamen geratu dira. Proposamenek eskualde izaera izan behar dute eta GFAko eskuduntzakoak izan behar dira.
Arlo guztietako proposamenak jaso dira, nahiko maila orekatuan. Ekainean bigarren fasea hasi da. Ekainaren 1ean herri bakoitzeko 2 ordezkarirekin osatutako Talde Sustatzaileak proposamenak baloratzeko irizpideak eztabaidatu eta adostu ditu. Eta hurrengo pausoa izango da, jasotako proposamen guztien artean proiektuak lehenestea. Horretarako eskualde mailako bilera irekia deitu da, ekainaren 11an, arratsaldeko 18:30etan Debagoieneko Mankomunitatean. Eskualdeko batzarra partehartu eta erabaki nahi duen herritar guztiei zabalik dago:
Eguna: Ekainak 11, osteguna
Ordua: 18:30etan
Lekua: Debagoieneko Mankomunitatean (Nafarroa Etorbidea 17, Arrasate).
Saio horretan bertaratutako herritarrek, proposamenen artean aukeraketa bat egingo dute. Bertan, eskualderako lehentasunezkoak diren 20 (10+10 ordezko) proposamen onartuko dira. Uztailean zehar, proiektuak bideragarriak ote diren aztertuko dute aldundiko teknikariek. Herritarrek irailaren bigarren hamabostaldian aukeratuko dituzte behin betiko proposamenak, eta urrian aurrekontu proiektuan txertatuko dituzte.
Informazio gehigarria: