Pumori, mendiaren alaba filma Zaldibar antzokian
2019 / 03 / 20Ostiral honetan, martxoak 22, arratsaldeko 19:00etan, Zaldibar antzokian eskainiko den emanaldiaren sarrerako diru guztia Iñaki Ochoa de Oltza- SOS Himalaya Fundazioarentzako izango da, eta filma Unai Ugartemendia mendi kazetariak aurkeztuko du.
64 minutuko iraupenarekin, 2001eko urrian Himalaiako Pumori mendiaren magalean elur-jausi batek harrapatu zituen bost mendizale euskaldun gogorarazten ditu Suku Maya gazte nepaldarraren istorioaren bitartez.
2001ean Himalaiako Pumori mendiaren (Nepal) gailurrera abiatu ziren bost mendizale gazte: Beñat Arrue aizarnarra, Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra, Aritz Artieda etxarriarra, Javier Arkauz lakuntzarra eta Cesar Nieto iruindarra. Bidean zirela, urriaren 17an, izotz-jausi batek azpian harrapatu zituen bostak 6.300 bat metrora zirela, eta bertan hil ziren; 22 eta 27 urte bitartean zituzten mendizaleek.
Benantxio Irureta zena, Xabier Osinalde azpeitiarra, Xabier Ostolaza eta Jon Odriozola zestoarrak eta Jexux Mari Errazu aizpurutxoarra ere espediziokideak ziren, baina horiek beherago zeuden, eta libratu egin ziren ezbeharretik.
Istripua gertatu eta urtebetera, Nepalera joan ziren Beñat zenaren gurasoak, Arantxa Gurrutxaga eta Pello Arrue. Bi helbururekin bidaiatu zuten hara: hil ziren mendizaleei omenaldia egitea eta Beñatek bizirik zegoela atera zuen argazkian berarekin ageri den haurra aurkitzea. Haur hori da, hain zuzen ere, Suku Maya, dokumentaleko protagonistetako bat.
-
- Eguna: martxoak 22, ostirala.
- Ordua: 19:00
- Lekua: Zaldibar antzokia
- Prezioa: 5 €
- Hizkuntza: euskara, gaztelaniazko azpitituluekin.