San Joan lorak jaso eta sendabelarrak ezagutzeko ibilaldia

2020 / 06 / 15

Koronabirusaren ondorioz hilabete batzuetan konfinatuta egon ondoren, gehienok ate jokan daukagun uda behar bezala aprobetxatzeko irrikitan gaude.

Ia oharkabean igaro den udaberriaren ostean, udako solstizioa ofizialki 2020ko ekainaren 20an iritsiko da, urteko egunik luzeena eta gaurik laburrena izanik.

Egun horren bueltan erritual tradizionalak praktikatzen ditugu oraindik, jai paganoen herentzia eta naturaren elementuekin zerikusia dutenak. Sua da, zalantzarik gabe, gehien agertzen den elementua, baina lorak  ere protagonista esanguratsuak dira.

Irteera

Landare horiek ezagutu eta batzeko, eta haien ohiko erabilerak ezagutzeko (kataplasma, gantzua, etab.), ekainaren 23an, asteartea, ibilaldi gidatua egingo da Eskoriatzan.

Parte hartu ahal izateko aldez aurretik izena eman behar da, parte-hartzaile kopurua mugatua baita. Gainera, oso kontuan hartzekoa da, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango dela.

Eguna: ekainak 23, asteartea
Ordua: 16:30
Izen-ematea:

SANJOANETAKO ERRITOAK

Sua

Ohiturak dio sanjoan bezperan, ekainaren 23an, era guztietako suak pizten zirela herrietako plaza guztietan, baina baita etxe eta baserri bakoitzeko ortuetan ere; modu horretara, udan berotzen duen eguzkiari ohore egin eta laguntza eskatzen zitzaion uzta ona batzeko eta etxetik zomorroak uxatzeko.

Etxeko ate-aurrea

Sanjoan egunean, berriz, goizeko ihintzarekin (iñuntza) iratzea (iria), astamendak eta bestelakoak batzen ziren eta etxearen ate-aurrean jartzen ziren zabal-zabal eginda. Batez ere iratzea botatzen zen eta baita astamenda apur batzuk ere, usaina emateko edo. Lore apur batzuk ere bota ohi ziren gainean (serbilletak, urrebotoiak, larrosak…), eta horrela, apainduta egoten zen ate-aurrea sanjoan egun guztian. Goizetik gauera egoten ziren belar horiek ate-aurrean, etxera sartu edo irteten zen bakoitzean gainetik pasatzeko. Sanjoan eguna pasatuta, guztia batu eta ganaduei azpia jartzeko erabiltzen zen.

Lore-sendorrak eta gurutzeak

Sanjoan egunean, gainera, lore sendorrak eta gurutzeak (kurtzak) egiten ziren. Lore sendorra egiteko lore hauek batzen ziren: sanjoan-lorak , amabirjina-lorak , kukufrakak , herbasantak, urrebotoiak, serbilletak… Sendor horiek sanjoan eguneko mezan bedeinkatu eta etxean uzten ziren sikatzen. Orei edo ekaitz egunetan, bedeinkatutako sendorretik belar apur bat ontzi batera bota eta etxeko ate-aurrean erretzen zen, ireztuetatik etxea babesteko. Urtea pasatuta, lore-sendor sikua sanjoan sutara botatzen da eta Eskoriatzako auzo batzuetan kantu hau kantatzen dute:

Sugiak eta zapuak erre;
Artua eta garixa gorde.
Biba, biba San Juan !
Biba, biba San Juan !

Gurutzeak, berriz, bi modutakoak izaten ziren: batzuk sahatsarekin egindakoak eta beste batzuk arantza zuriarekin egindakoak. Arantza-zuriarekin egindakoak etxeetako ate-gainetan ipintzen ziren, hurrengo urteko sanjoan egunera arte. Sahatsarekin egindakoak, berriz, ortu eta soloetan ipintzeko izaten ziren eta etxe bakoitzak babestu nahi zituen ortu eta solo beste gurutze prestatzen zituen. Gurutzeak ere sanjoan eguneko mezan bedeinkatu ohi ziren.