Santa Ageda ohitura

2018 / 01 / 29

Santa Ageda eguna ohitura handiko jaia da Eskoriatzan, Euskal Herriko beste herri askotan moduan aspaldidanik ospatzen dena. Santa Ageda eguna otsailaren 5a da, baina jai gehienetan moduan, bezperan ematen zaio hasiera ospakizunari.

Eskoriatzan, lehen, Santa Ageda jaiaren protagonistak “kintoak” izaten ziren.  Kintoena Españan XVII. mendean errotu zen ohitura da. 18 urte betetzen zituzten gazteek, Espainako ejertzitoarekin instrukzioa egitera derrigortuta zeuden. Mutilak hautatzeko zozketa egiten zen eta hala, bost mutiletik bat mobilizatzen zuten, hortik dator “quinto” (bosten) berba. Euskal Herrian kinto-sistema hau 1876. urtean jarri zen indarrean, foruak galdu zirenean.

Beranduago, sistema hori galdu egin zen, eta 18 urte betetzen zituzten mutil guztiak deitzen zituzten soldaduzkarako. Horrela izan zen derrigorrezko soldaduzka 2001. urtean kendu zuten arte.
Urte bakoitzeko kintoek, hau da, 18 urte betetzen zituzten gazteek hartzen zuten protagonismoa Santa Ageda egunean, aurrean zeukaten urte gogorraren aitzakian. Soldaduzkara joateko derrigortasuna kendu zenean, eta tradizioari eutsi nahian, Eskoriatzan Ageda eguna ospatzen jarraitu da. Gainera, 2007. urtetik aurrera mutilak ez ezik, adin bereko neskek ere parte-hartzen dute.

Santa-eskean

Festa, otsailaren 4an hasten da, Santa Ageda egunaren bezperan. Urte horretan 18 urte beteko dituzten gazteek herriko baserriak bisitatzen dituzte . Baserritar jantzita, santa-eskean koplak kantatuz joaten dira elizate guztietako baserrietara.
Hurrengo eguna, Santa Ageda eguna, otsailaren 5a, herrian ospatzen da, eta janzkera aldatu egiten da: fraka eta alkandora zuria, alpargatak ere zuriak baina zinta gorridunak, eta gerrikoa eta txapela ere gorriak. Lepoan, koloredun zapi handia.
Kintorik zaharrenak eta gazteenak, berriz, txapela eta gerrikoa beltza ibiltzen dituzte.  Egun horretan etxez etxe koplak kantatuz ibiltzen da santa-eskean, trikitixak edo soinuak lagunduta. Herrian etxeak bisitatzeaz gain, lantegietan, tabernetan eta dendetan ere batzen da dirua eta herriko ikastetxeak ere bisitatzen dira, haurrei gozokiak banatuz.

Santa Ageda neska-mutilek 2 egunetan egiten dute dantza herriko plazan: lehenengoa Santa Ageda egunean (aurten otsailak 5, astelehena) eta bigarrena hurrengo domekan, otsailak 11. Herriko kaleetatik atalataikoan datozela iristen dira neska-mutilak plazara. Arratsaldeko 7etan, elizako kanpaiekin batera, etxaflero bat bota eta dantza-ekitaldiari hasiera ematen zaio.

DOKUMENTALA: Santa Ageda eta kintoak Eskoriatzan from Eskoriatzako Udala on Vimeo.