Udal ortuak erabiltzeko Erregelamendu Proiektua jendaurrean

2021 / 12 / 17

Udal jabetzakoa den lursail bat herritarren ortu gisa erabiltzeko erabakia hartu zuen Udalak duela urte batzuk, honako helburuekin:

  • Pertsona helduen denbora librea modu praktiko eta aberasgarrian betetzea.
  • Nekazaritza tradizionalaren erabilera eta ohitura batzuk berreskuratzea.
  • Produktu naturaletan oinarritutako elikadura osasungarria bultzatzea.
  • Konpostajea bultzatzea.
  • Jasangarritasun irizpidek jarraitzea.

Urte hauetan metatutako esperientziak erakutsi du erabilera hori arautu beharra dagoela, interes orokorra eta erabilera partikularra bateratzeko; eta orain arte ortuak erretiratuek eta pentsiodunek erabili badituzte ere, egokia izan daitekeela beste kolektibo batzuetara ere zabaltzea erabiltzeko aukera. Era berean, ingurmen eta gizarte irizpideetan ere sakondu nahi da.

Hori horrela, Erregelamendua egin aurretik, jendaurrean jartzen dira Erregelamendu Proiektuaren xehetasunak, interesdunek aztertu eta egoki iritzitako iradokizunak egiteko aukera izan dezaten. Iradokizunak egiteko azkeneko eguna 2022ko urtarrilaren 17a izango da.

Iradokizunik egon ezean, Erregelamenduaren onarpen prozedurak aurrera jarraituko du.