Uholde arriskuaren aurrean hartu beharreko neurriak

2021 / 12 / 09

Eurite handiak direla eta uholde arrisku handian gaudela ikusirik, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak herritarrentzako hainbat prebentzio-neurri publikatu ditu, uholde arriskua edo bestelako ondorio txarrik ez izateko, edo ahalik eta gehien murrizteko. Hona hemen neurri eta gomendioak:

Prebentzioko neurriak:

  • Ez ibilgailurik utzi ez eta kanpin egin ibilgu lehorretan edo ibaien ertzetan. Gerta liteke urak bat-batean gora edo gainezka egitea.
  • Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
  • Ahal baduzu, ez hartu autoa.
  • Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusi eta autobideetatik, eta ikusi ezinik bazabiltza, gelditu leku segururen batean.
  • Erretiratu urak eramateko moduko gauza guztiak, batez ere, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
  • Begiratu inguruko hustubideak ondo dauden.
  • Irteerak mendira eta kanpoan antolatutako txangoak saihestu.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

  • Urrundu erreka, uhar, zubi edo urpean gera daitezkeen lekuetatik, eta ez saiatu urak hartutako lekuetatik pasatzen, ez autoz ez oinez: urak indar handia dauka eta eraman egin zaitzake. Ura dela-eta autoa errepidean ez aurrera ez atzera geratzen bazaizu, itzali argiak eta irten autotik.
  • Mendi-magaletatik eta muino-magaletatik urrun egon; ura, harriak eta lohia amil daitezke-eta.
  • Ura etxebizitzara sartuko balitz, alde soto eta behe-solairuetatik albait azkarren.
  • Etxea utzi beharra badaukazu, itzali argindarra eta itxi gasa eta ura. Gainera, utzi ohar bat ostatua non hartuko duzun adierazteko.
  • Jo leku altuenetara; saihestu urpean gera daitezkeen lekuak.
  • Jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.

Udal honek, berak ere, Jaurlaritzak udalentzako publikatutako neurriak beteko ditu.

Iragarpenak eta eguneraketak Euskalmeten jarrai daitezke: www.euskalmet.euskadi.eus