Urrian bigarren eskuko azoka egongo da Eskoriatzan

2019 / 10 / 01

Aurrekoetan izandako arrakasta kontuan izanda, urriaren 25ean, ostiralean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, izango da bigarren eskuko hurrengo azoka Eskoriatzan.
Arratsaldeko 18:00etatik 20:30era egongo da zabalik Herriko Plazan.

Aurrekoetan bezala, denetarik saldu eta erosi ahal izango da azokan, betiere, egoera onean baldin badago eta bigarren eskukoa baldin bada: liburuak, diskoak, arropa, altzariak, jostailuak, kirol materiala… ez dago mugarik, helburua berrerabiltzea da, irteera ematea bere garaian erosi eta orain behar ez ditugun gauza guzti horiei.

Musika

Eta, azokarekin batera, Rock kalea taldea arituko da 18:30etatik 20:30era. Imajinatzen al duzu edozein lekutan jo dezakeen rock talde bat, bateria, anplifikadoreak eta abar non jarri pentsatu beharrik gabe? Ba, hori da Rockalean. Bost musikarik osatutako taldea, eskarmentu handiarekin musikan, apartak rock eta pop historiako talde handien bertsioak egiterakoan. Ez ohiko egitura duen taldea: bi bateria-jole, gitarra, sousaphonea eta ahotsa; eta, abestiak, berriz, beraiek gozatu eta entzuleak gozarazteko aukeratutakoak.

Postu solidarioa

Horretaz gain, eta aurreko azokan egin zen bezala, postu solidarioa jarriko da, eta hor batuko den dirua Sendabide elkartearentzat izango da (VHL sindromearen ikerketari laguntzeko elkartea).

Sendabide Euskal Herriko Von Hippel Lindau sindromearen inguruan eragiteko sortutako elkartea da, gaixotasunaren eraginak jaso dituztenek, familiartekoek eta lagunek eratua. 2018an sortu zen Sendabide bi helburuarekin: alde batetik, gaixotasun arraro hori ezagutzera emateko; eta, bestetik, ikerketa proiektuak sustatzekoarekin. VHL sindromea ezaugarri genetikoek sortzen dute, eta VHL izeneko geneak duen mutazioaren ondorioz gorputzeko hainbat ataletan tumoreak hazten dira.

Gauzak horrela, deialdia egiten diete herritarrei erabiltzen ez dituzten arren erabilgarri dauden arropak, altzariak, jostailuak… aurreko egunetan kultur etxera ekartzeko edo egunean bertan arratsaldeko 16:00etatik aurrea plazara eramateko. Jendeak ekarritakoa sailkatu eta prezioa jarri ondoren, azokan jarriko da salgai. Beraz, postu solidario horretan parte hartzera animatzen ditugu herritarrak.

Eman izena

Azokan parte hartu nahi dutenentzat Udalak mahaiak jarriko ditu eskuragai. Interesa dutenek mahaia erreserba dezakete kultur etxera deituz (tel. 943.71 46 88) edo e-maila idatziz (kultura@eskoriatza.eus).