X. Errekan Gora jaialdia prest
2017 / 06 / 16Hamargarren urtez jarraian eskoriatzarrek eta gurera gerturatuko direnek aukera izango dute uztailean zehar Errekan Gora jaialdiaz gozatzeko.
Errekan Gora ezohiko jaialdia da, eta bere egitaraua, tuti-fruti moduko bat; bertan nahasten dira osagai ezberdinak, beti erakargarriak eta kalitatezkoak, baita arte mota desberdinak eta jatorri anitzekoak ere. Atxorrotx Kultur Elkarteak Eskoriatzako Udalaren laguntzarekin -jaialdiaren zati handiena finantzatzen duena 20.000 eurorekin- antolatzen duen jaialdia uztailean egingo da ondorengo programarekin:
Uztailak 7, ostirala – Gorosarri plaza – 22:30
AUKERAN DANTZA KONPAINIA
Aukeran dantza konpainia 1997. urtean sortu zen Donostian Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoaren ekimenez, eta orduz geroztik ibilbide luze eta aberatsa jorratu du hainbat ikuskizun ekoiztuta. Dantza tradizionalaren eta garaikidearen mestizajean oinarritzen dira konpainiaren lanak, zenbaitetan musika eta dantza tradizionalaren erritmo bizia hautsiz, pausoak mantsotuz edota deseraikiz.
Uztailak 8, larunbata – Zaldibar plaza – 22:30
EL TRIO MEDIANOCHE
Bi eibartarrek, Pedro Bartrak (lehen ahotsa eta bigarren gitarra) eta Jesus Mari Bastidak (hirugarren gitarra, hirugarren ahotsa eta marakak), eta Donostian bizi den Bernardo Aguilera bolibiarrak (bigarren ahotsa eta lehenengo gitarra) osatzen dute Trio Medianoche. Musika latinoamerikarrarekiko pasioak bildu zituen aurrez beste talde batzuetan aritutako hiru pertsona horiek, eta 2012ko martxoan hasi zuten beraien ibilbidea. Boleroak, baltsak, rantxerak… Trio Medianoche musika latinoamerikarraren adierazgarrietako bat da.
Uztailak 14, ostirala – Gernika plaza – 22:30
NIÑA COYOTE eta CHICO TORNADO
Koldo Soretek (Surfin kaos) eta Ursula Strongek (Zuloak, Las Culebras) osatzen dute Niña Coyote eta Chico Tornado. 2012ko otsailean hasi ziren proiektu berri honekin Donostian. Gitarra, ahotsa eta bateriarekin eraikitzen dituzte beraien kantuak. Erritmo gogor eta pisutsuak eta riff sakon eta indartsuak jorratzen dituzte, soinu biluziak…
Uztailak 21, ostirala – Huhezi – 22:30
DEPEDRO
“El Pasajero” da Depedroren estudioko laugarren diskoa. “El Pasajero” lanean Afrikara joan ziren lehen bidaiariei begirada bat egiten zaie. Kontinente horretatik dator disko honetako energia, “La increíble historia de un hombre bueno” baino hiru urte geroago. Lan honetan Depedrok Enrique Bunbury-rekin abesten du (“DF” abestian), eta baita diskoan koroak egiten dituen Gaby Moreno guatemalarrarekin ere(2013ko artista berri onenaren saria Grammy Latinoetan). Diskoa 15 egunetan grabatu zen Tucsonen (Arizona) Raig Schmacher-ek zuzenduta eta Joey Burns eta John Convertino Calexico-ko lagunekin, eta grabatu ere analogikoan grabatu zen, zuzenketentzako aukerarik gabe, emozio berrien bila.
Uztailak 22, larunbata – Herriko plaza – 22:30
AKATZ
Akatz, “akatsetik” dator. Talde hau definitzen duen estiloa eta bizi teoria. Gainera, Bakiotik oso gertu bada Akatz izeneko irla edo uhartetxo bat, eta hain zuzen ere, kostako herri horretan jaio zen taldea eta bertan izan zuten beraien lehen kuartel nagusia.
Uztailak 28, ostirala – Villa Epifania – 22:30
HELDUENTZAKO IPUIN KONTAKETA: DORLETA KORTAZAR
“Kontu kantari eta kantu kontari sortu nintzen. Behinola, ipuinen magiak harrapatu ninduen, eta ordutik hor nabil, ipuinetan eta kondairetan, ezkutuko bidaiaren bila. Nik ere zurekin batera bidaiatu gura dudalako!”
Eta X. urteurrenari amaiera berezia emateko asmoz, irailaren 1ean emanaldi SORPRESA egongo da.