Xake goizak, bibliotekako ekimen berria

2025 / 10 / 06

Bibliotekan gune bat antolatuko da xake zaleak elkartzeko hileko bigarren larunbatetan.

Goizean zehar bi orduz, 11:00etatik 13:00etara, xakea praktikatzeko aukera egongo da dinamizatzaile batek lagunduta. Ekimena urrian hasi eta martxoan amaituko da, zehazki, egun hauetan egingo da: urriak 11, azaroak 8, abenduak 13, urtarrilak 10, otsailak 7 eta martxoak 14.

“Bibliotekako xake goizak” izena duen ekimenak, dagoeneko xake zale direnei liburutegian txoko goxo bat eskaintzeaz gain, zaletuak ez direnengan ere interesa piztu nahi du.
Horretarako, Ander Oteroren laguntza izango dute bertaratzen direnek. Anderrek, joko honi buruzko zalantzak argituko ditu, arau eta taktiken inguruko azalpenak eskaini eta jokoan aritzeko laguntza emango du.

Sei urtetik gorako herritar guztiei zuzenduta dago xakerako espazioa eta bertan parte hartzeko ez da izena eman behar. Xake-taularen bat libre baldin badago, jokatzeko aukera egongo da.

Xake txokoa: xake zaleen gozamenerako eta jakinmina asetze aldera, bibliotekan xakeari buruzko liburu eta filmak biltzen dituen xake txokoa osatu da. Gainera, txoko horretan erabilgarri egongo dira xake-taula eta fitxak.