Zatoz udalera euskaraz

2023 / 05 / 05

Azken 30 urteotan, udal administrazioetan ahalegin handia egin da euskararen erabilera sustatzeko, eta, gaur egun, Debagoieneko udaletan euskara da zerbitzu eta lan hizkuntza. Hori horrela da ia langile guztiek dutelako euskaraz lan-egiteko gaitasuna. Zinegotziei dagokienez funtzio publikoa betetzen duten neurrian eta herritarrekin harremana duten heinean, haiek ere euskara ulertzea eta erabiltzea garrantzitsua da.

Hala, udaletan azken urteotan egin den ahaleginari eusteko eta euskararen normalizazioan pauso berriak ematen jarraitzeko, Debagoieneko Mankomunitateak bailarako herrietako udalekin batera “Zatoz udalera euskaraz” kanpaina abiatu du, bi helbururekin: herritarrak udalarekin harremanak euskaraz izatera animatzea eta alderdiei udaleko lan hizkuntza euskara dela kontuan izanik, beharrezko neurriak har ditzatela eskatzea.