Zientziari eta pentsamendu kritikoari buruzko zikloa
2019 / 01 / 29Ziklo berri honetan, gaurkotasunez betetako gaiak jorratuko dituzte gai bakoitzeko adituek, eta amaiera ezin hobea emateko, munduko mentalista onenetakoaren ikuskizunaz gozatu ahal izango dugu.
“Zientziaren argitan, egia ala gezurra? izenburupean zientzia zabaltzea eta pentsamendu kritikoa sustatzea helburu duen ziklo baten lehen edizioa antolatu da Eskoriatzan.
Lehenengo hitzaldia otsailaren 12an, martitzena, izango da, 19:00etan, Zaldibar antzokian, eta gaia, berriz, elikadurari buruz egunero entzuten ditugun mitoak eta gezurrak.
Elikadura arloan etengabeak dira mitoak; osasuntsua zer den eta zer ez den esaterakoan ere aldaketak izaten dira, eta, nola ez, uste kontrajarriak eta baita elikaduraren industriaren interesek sortutako gezurrak edo erdi egiak ere.
Bittor Rodriguez Giza Nutrizioko eta Dietetikako diplomaduna da eta Elikagaien Zientzia eta Teknologian doktorea. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da, eta baita dibulgatzailea ere. 17 urte baino gehiagoko esperientzia du nutrizio arloko ikerketan, 6 liburu argitaratu ditu, artikulu ugari nazioarteko aldizkarietan, eta hainbat komunikabideetan kolaboratzen du.
Hitzaldia euskaraz izango da, baina, gaztelaniarako interpretazio zerbitzua egongo da nahi duenarentzat.
Zikloko bigarren hitzaldia ere gaurkotasunezko gai eztabaidagarri bati buruzkoa izango da, nahiz eta orokorrean, oraindik ere gaiari buruzko informazioa falta zaigula esan daitekeen. Osasun Ministerioak milaka produktu homeopatiko botiketatik kendu eta osasun zentroetatik eta unibertsitateetatik homeopatia baztertu ondoren, eztabaida handia sortu da gai hauei buruz: homeopatia, txertoak, tratamendu naturalak…
Victor Javier Sanz, kardiologiako eta familiako medikuntzako mediku espezialista, gai horietan aditua da eta hainbat artikulu eta liburu idatzi ditu horri buruz. Victor Javier kritikoa da pentsaera medikuarekin, bai gaizki deitutako “medikuntza alternatibo eta osagarriekin” bai ebidentzian oinarritutako medikuntzaren gehiegikeriekin. Hitzaldia otsailaren 14an, osteguna, izango da, 19:00etan, Zaldibar antzokian.
Ziklo honi amaiera emateko, otsailaren 17an, igandea, gaur egun munduko mentalista onenetakoa den Javier Luxorren emanaldia izango dugu.
Noizbait mugatu zaituzte zure pentsamenduek? Ba al dakizu buruak nola engainatzen zaituen erabakiak hartzerakoan? Zure erronkei muga jartzen diezu edo zure mugei erronka egiten diezu?
Javier Luxorrek badaki gure pentsatzeko erak txiki-txiki egin gaitzakeela edo goren gorenera igo. Bere ikuskizunean mentalismo erakustaldi sinestezin eta dibertigarriak ikusi ahal izango dira, dugun pentsaerarengatik nola manipulatzen gaituzten frogatu ahal izango da, eta ikasiko dugu nola irten sorgin gurpil horretatik gure buruaren jabe izateko behingoz.
“¡Imposible!” ikuskizunean giza buruaren txoko dibertigarrienak aztertuko dira eta ikusiko dugu errealitatearen pertzepzioa moldatu daitekeela hasiera batean ezinezkoak diruditen gauzak lortzeko. Obra moderno eta dibertigarria, gaur egungo mentalismo berrienaren laguntzarekin gure buruak nola lan egiten duen erakustea helburu duena.
Javier Luxorrek, ikuskizunaz gain, ikastaroak eta hitzaldiak ematen ditu mundu osoan. Emanaldi honetarako sarrerak aldez aurretik erosteko aukera izango da udal kiroldegian, otsailaren 1etik aurrera, 5 eurotan.
Zaldibar antzokiko aforoa mugatua denez, sarrerak aldez aurretik erostea gomendatzen diegu ikuskizuna ikusi nahi dutenei.