ZUK EZ DUZU ORDEZKORIK ekitaldia Almen gunean

2022 / 02 / 22

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren “Don’t be Dummy | Zuk ez duzu ordezkorik” izeneko ekitaldi ibiltariek trafiko-istripuak prebenitzeko helburua daukate eta Euskadiko ikastetxe ez unibertsitarioetako gazteei zuzenduta daude.  Jaurlaritzako kanpaina honetan, 15 eta 20 urte bitarteko gazteek hartzen dute parte.

Asteazkenean, otsailak 23, Eskoriatzan egongo dira Don’t be Dummy” bide-hezkuntza programa bertako gazteen aurrean aurkezteko. Bi saio egingo dira Eskoriatzako Arizmendi Ikastolaren Almen gunean;  lehena goizeko 10:45ean hasita; eta bigarrena, aldiz, 11:35ean hasita. Bertan, Arizmendi ikastolako DBH4ko nahiz lehenengo batxilergoko ikasleek hartuko dute parte.

Bestalde, ekitaldian zehar hiru lagunek testigantza pertsonalak kontatuko dituzte: Ibon (Eskoriatzako udaltzaina), Mikel Larrañaga (Oñatiko parkeko suhiltzailea) eta Alaitz Arbilla (bizkarrezur-muineko lesioa duen neska). Lehenengo pertsonan kontatutako testigantza horien bitartez gazteen barnea mugitzea lortzen da; bizipen horiek oso hunkigarriak izaten dira eta gazteengan inpaktu handia edukitzen dute.