Hirigunea
Elorretako errota 
Bolibar errekaren alboan dagoen errota da, Eskoriatzatik Bolibarrerako bidean. Egon, bi errota zeuden, eta horietako bat da gaur egun konponduta eta oraindik martxan dagoena. Bolibarko baserritarrek erabiltzen zituzten errotok artoa, garia eta pentsua ehotzeko, zakuetan jeneroa eraman eta errotariak ehotzen zuen. Auzoak 1962ra arte erabili zituen errotak, eta hortik aurrera, orduko jabe Anbrosio Abasoloren etxekoek bakarrik.
Eskoriatzako alde zaharra
ALBERJAZARRA:
Bere garaian, zaldiak eta animaliak ura edan eta atsedena hartzeko balio izan zuen, izan ere, alboko etxea POSTA etxea zen. 1789. urtean, aldiz, alberja garbitegi bihurtzeko erabakia hartu zen, baina, hasierako izenari eutsi dio eta alberjazarra esaten zaio oraindik.
ITURRIZAR:
Iturrizarreko iturria 1712. urtekoa da, eta hasiera batean metal-ura bakarrik zuen. Garai hartan ibaira edo erreketara jo behar izaten zen ur bila, iturriak oso aparte zeudelako. Hori dela eta, Iturrizarren ere ur geza, Burdinkurtzetik hartuta, jartzea erabaki zuen Kontzejuak. Iturriak, metal-ura eta geza zituenez, gorabehera haundiak izaten zituen, bidean ur biak nahasten zirelako.
Parrokiako sarrerako arkuen bezalako arku bat iturrian jartzea erabaki zen 1789an. Iturriaren oinarrirako erabilitako harri handia, berriz, Zaraiatik ekarritakoa da.
HORMAZAR/MURUZAR:
Alberjazarretik zubi zaharreraino doan parajea da.
ZUBZAR:
Harrien itxura eta zabaleragatik baliteke zubia erromanikoa izatea.
Zubi hau, kokapenagatik, oso garrantzitsua izan zen, aurrera jarraituz gero, Asentsio eta Kruzetara iristen baita, eta, beraz, Arabara.
Santa Marina
Eskoriatza herriko gune orijinala edo sorlekua dela esaten dute hainbat autorek. Gune horretan, herriaren bizitza publikoan zein ekonomikoan garrantzi handia izan zuten eraikinak egon ziren: eliza (lurperatze gunearekin), ospitalea, udaletxea, eskola…
SANTA MARINA ELIZA:
Inguruan zeukan Santa Marina ospitalearekin multzo bat osatuko luke. Izurriteak jotako pertsona asko lurperatu zituzten bere inguruan 1599an. Badirudi eliza hau herriko lehendabiziko parrokia izan zela. Eliza deitzetik ermita deitzera pasatu zen 1660an. Gotzaindegiak ermita ixteko agindua eman zuen 1778an, eta partikular bati alokatu zioten baserri gisa 1796an.
SANTA MARINA OSPITALEA
Ospitaleari buruzko erreferentziak XVI. mende hasierakoak dira.
XVII. mende hasieran, Domingo Mondragon Azkarretazabal indianoak dirua bidali zuen Nuestra Señora del Sacramento (gaur egun, HUHEZI) ospitale berria egiteko, eta Santa Marinakoak ospitale izateari utzi zion, udaletxe bihurtzeko.
UDALETXEA ETA KARTZELA HASIERAN, ETA HARATEGI ETA ESKOLA GERO
1615.urtean udaletxe eta kartzela bezala erabili ahal izateko lanak egin ziren eraikinean. 1705ean udaletxea Santa Marina elizaren ondoan dagoela adierazten da.
XVIII. mende erdi aldera, Santa Marina 3ko eraikina herriko beste etxe bat bezala agertzen da, eta 1819. urtean egindako plano batean harategitzat izendatzen da eraikina. XIX. mende erdialdera eskola publikoa bihurtuko da.
Hori guztiori dokumentatua egonda, gunea “balizko gune arkeologiko” izendatu zen, eta horrela, bertan egin beharreko edozein esku-hartzeren aurretik derrigorrezkoa da ikerketa arkeologikoak egitea. Horrelako ikerketa batean, kanpaiak egiteko lau molde eta minerala urtzeko labe bat aurkitu zituzten.
Kanpaigintza
Erdi Aroan zaila eta oso garestia izaten zen merkantzien garraioa. Beraz, kanpaiak behar ziren lekuan bertan egiten ziren. Hilabete gutxi batzuk irauten zituen tailertxo bat egin eta kanpaigile ibiltariak etortzen ziren. Inguru hauetara Kantabriatik etortzen ziren.
Kanpaiak egiteko bi era ezberdin erabili izan dira historikoki, ardatz horizontalean egindako buztinezko moldeak edo ardatz bertikalean egindakoak. Eskoriatzan aurkitutako moldeak azken horietakoak dira.
Normalean, brontzea —kobre eta eztainu nahasketa— izaten zen erabiltzen zen materiala. Materiala berrerabili egiten zen askotan, eta kanpai zaharrak edota apurtutakoak urtzen ziren.
Moldeen ondoan, ahalik eta gertuen, labea egiten zen minerala urtzeko. Garrantzitsua izaten zen gertu egotea, bidean tenperatura ez jaisteko. Kanal baten bidez buztinezko moldera isurtzen zen salda beroa. Garrantzitsua izaten zen salda jarraian, etenik gabe, botatzea, edozein tenperatura aldaketak kanpaiaren hotsean aldaketak eragiten zituen eta.
Hozten utzi eta kanpaia ateratzen zen. Horretarako, moldea puskatu egiten zen, ateratzeko errazagoa zelako eta kopiatzerik ez izateko. Ondoren kanpaia bere lekuraino igo eta tailerra izandakoa estali egiten zuten.
Gipuzkoan horrelako beste bost tailer agertu dira: Hernanin, Tolosan, Azpeitian, Azkoitian eta Iruran, baina Eskoriatzan beste molde ez da aurkitu inon.
Gaur egun, kanpaien moldeak estalita daude Santa Marina plazan.